Plazako bat-bateko jardunean trebatu nahi duten emakume eta sexu-genero disidentziei zuzenduta, Ahalduntze Bertso Eskola Feministak urriaren 31n hasiko du ikasturte berria. Hilean behin elkartuko dira ekainera arte, bertso eskola eta askotariko prestakuntza saioak uztartuz. Izen-ematea urriaren 15era arte egongo da zabalik.
Hamabigarren ikasturtea izango du aurten Ahalduntze Bertso Eskola Feministak. Bertsolaritzaren plazan aritzeko tresnak lantzeko gunea izango da beste behin, sexu-genero ardatzean zapalkuntzak bizi izan dituzten emakume eta sexu-genero disidentziei zuzenduta.
Saioak hilean behin egingo dituzte, larunbat goizetan, 10:00etatik 14:00etara. Udazkeneko hitzorduak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren arabera antolatu dituzte: urriaren 31n Eibarren, azaroaren 21ean Donostian eta abenduaren 5ean Bilbon. Urtarriletik aurrerako saioen lekuak, berriz, parte-hartzaileen bizilekuen arabera zehaztuko dituzte.
Bertso eskolarekin batera, hainbat arlotako prestakuntza eskainiko dute gonbidatutako hizlarien eskutik. Azaroan formakuntza antiarrazista egingo dute Rioko Fotabon ZEHARrekin elkarlanean; abenduan kantaera landuko dute Ainhoa Sarasua eta Marie Bidartekin; eta urtarrilean umorea egiteko norberaren kokapena, heldulekuak, marra gorriak eta estrategiak izango ditu hizpide Bea Egizabalek.
Ondoren, autosugestioa eta plazan egoteko modua landuko dituzte Alaia Martin eta Oihana Iguaranekin; bakarkako bertsoak Oihana Aranarekin; eta bertsolaritzaren genealogia feminista Ane Labaka eta Amaia Iturriotzekin. Maiatzeko azken saio hori asteburu osokoa izango da.
Ikasturtea ekainean amaituko da, Ahalduntze Bertso Eskolako kideek parte hartzeko aukera izango duten bertso saio batekin.
Horrez gain, saioetan gai-jartzaileek taldean pentsatutako gaiak eramango dituzte bertso eskolara.
Izen-ematea gaurtik urriaren 15era egin daiteke. Ikasturte osorako parte-hartzea lehenetsiko dute, baina hiru hileka aritzeko aukera ere eskainiko dute. Ordainketan ere hiru aukera jarri dituzte —150 euro, 75 euro edo doan—, egoera ekonomikoa parte hartzeko oztopo izan ez dadin.
Ahalduntze Bertso Eskola Feministan izena emateko formularioa