Laugarren edizioa urriaren 8tik 10era egingo dute Gasteizko Arkabia gunean, Izaera lelopean. Bezperan, urriaren 7an, gazte profesionalei eta diseinuko ikasleei zuzendutako Portfolio Egunak emango dio hasiera egitarauari.
Diseinua, teknologia, sorkuntza eta euskal kultura elkartuko ditu berriro Basquerville jaialdiak Gasteizen. Basquerville Elkarteak antolatutako laugarren edizioa urriaren 8an, 9an eta 10ean egingo dute Arkabian, eta nazioarteko zein Euskal Herriko sortzaileak bilduko ditu hitzaldi, tailer eta bestelako jardueretan.
Izaera izango da aurtengo edizioaren leloa. Antolatzaileek sorkuntzaren alderdi pertsonalean jarri nahi dute arreta: proiektu bakoitzaren atzean dauden pertsonengan, eta haien pentsatzeko, behatzeko eta sortzeko moduek sorkuntza-lanetan uzten duten arrastoan.
Nazioarteko gonbidatuen artean izango da Miguel Chevalier arte digitalaren aitzindaria. Haren parte-hartzea Arkabian ikusgai dagoen Digital Floralia murgiltze-erakusketarekin lotuta egongo da. Harekin batera, Portugalgo Bürocratik agentzia, Soyun Park, Alec Vivier-Reynaud, Rifke Sadleir creative coding arloko sortzailea eta Gab Bois ikusizko artista izango dira jaialdian.
Hitzaldiez gain, azken bi horiek tailer praktikoak eskainiko dituzte urriaren 8an. Sadleirrek narratiba digital berriak eta web-garapen interaktiboa landuko ditu 10:00etatik 14:00etara; Gab Boisek, berriz, Bleach Dyeing Workshop kolorazio sortzaileko tailerra egingo du 16:00etatik aurrera. Bi jarduerek plaza mugatuak izango dituzte.
Euskal sortzaileak eta estudioak
Euskal sorkuntzari ere leku zabala egingo dio Basquervillek. Izaskun Urkijo arte-zuzendaria izango da parte-hartzaileetako bat, eta Hiruki, Xerra, Arrate, Marc&Marina eta Tunipanea estudio eta proiektuek eta Gina Guasch artistak ere beren lana eta esperientzia eramango dituzte Gasteizera.
Belaunaldi berriei begirako bi espazio ere izango ditu jaialdiak. Lehena Portfolio Eguna izango da, urriaren 7an, DIGA eta EIDE elkarteek antolatuta. Diseinuko ikasle eta gazte profesionalei zuzendutako topaketan, parte-hartzaileek euren portfolio eta proiektuak sektoreko profesionalei erakutsi eta haien iritzia eta orientazioa jasotzeko aukera izango dute, 10 eta 15 minutu arteko topaketen bidez.
Hurrengo egunean, Harroby guneak euskal sortzaile gazteei emango die agertokia. Elixabet Botanz, Saioa Villa, Mikel G. Ardanaz, Maria Lopez de Subijana eta Asier Aguayo izango dira bertan beren proiektuak aurkezten.
Jaialdiaren aurtengo irudiak berak ere badu lotura Harrobyrekin. Arrate Garcia-Ardanzek sortu du laugarren edizioaren nortasun bisuala, iazko Harrobyko hizlarietako bat izan ondoren. Xabier Isastik aurreko ediziorako egindako lanaren lekukoa hartu du horrela; Isastiren proposamenak Laus saria jaso zuen.
Hitzaldi eta tailerretatik harago, bertaratzen direnek sorkuntza-prozesuan zuzenean parte hartzeko aukera ere izango dute. Voltaire Lab artisau-serigrafiako proiektuarekin elkarlanean, jaialdiko zapia bertan estanpatu ahal izango dute parte-hartzaileek.
Urriaren 8ko Harroby jardunaldirako eguneko sarrerak eta urriaren 9 eta 10erako bonuak salgai daude dagoeneko. Tailerretarako izen-emateari, ordutegiei eta egitarau osoari buruzko informazioa Basquerville jaialdiaren webgunean dago eskuragarri.