Irrati-pieza laburrak sarituko ditu aurten ere Hamaika entzuteko! lehiaketak

Bost minututik beherako irrati-fikzioak, erreportajeak, kazetaritza-lanak, dibulgazio-piezak edota bestelako audio originalak aurkez daitezke. Lanak bidaltzeko epea azaroaren 18an amaituko da.

Irrati-pieza laburren sorkuntza eta zabalkundea sustatzea du helburu Hamaika entzuteko! lehiaketak. Gaia eta generoa libreak izango dira, eta parte-hartzaileek irrati-fikzioa, kazetaritza, erreportajea edo dibulgazioa landu ahal izango dituzte, besteak beste.

Aurkeztutako piezek bost minutu baino gutxiagoko iraupena izan beharko dute, eta euskaraz edo gaztelaniaz egin daitezke. Audioek originalak eta ez-komertzialak izan beharko dute, aurretik irratian emititu gabeak eta beste lehiaketa batzuetan saritu gabeak.

Adin eta nazionalitate guztietako pertsonek har dezakete parte, bakarka nahiz taldeka. Lanak azaroaren 18ra arte bidali ahal izango dira, [email protected] helbide elektronikora.

Audioa sortzeko baliabiderik ez dutenentzat, DK Irratiak bere estudioa eta bestelako baliabideak parte-hartzaileen eskura jarriko ditu, lehiaketara aurkeztuko diren piezak bertan grabatu eta editatzeko. Dena den, ez da beharrezkoa irratiaren instalazioak erabiltzea eta sortzaile bakoitzak nahi dituen baliabideekin egin ahal izango du lana.

Euskarazko lanentzako sari propioa

Lehiaketak bi sari izango ditu. Irrati-pieza onenak 800 euro jasoko ditu, eta euskarazko audio onenak, berriz, 600 euro. Euskarazko lan batek sari nagusia irabazten badu, ezingo du aldi berean euskarazko audio onenaren saria jaso.

Epaimahaiak lanen originaltasuna, sormena eta interesa hartuko ditu kontuan, eta sari-banaketa abenduan egingo dute.

Lehiaketara aurkeztutako audioen ustiapen eskubidea modu ez-esklusiboan lagako diete egileek Donostia Kulturari eta DK Irratiari, lanak erabili, zabaldu eta Interneten edo bestelako ikus-entzunezko baliabideen bidez hedatzeko. Lehiaketa amaitutakoan, antolatzaileek hautatutako piezak Casares Irratiaren webgunean ere jarri ahal izango dituzte entzungai.

Zabaldu:

Utzi erantzuna