(argazkia: Kultur Sharea)

Ane Zubeldia Magriñak Gazteen Poesiako Miguel Hernandez saria irabazi du

Hondarribiko idazlearen kontra poema liburua saritu du epaimahaiak. Lana Susak argitaratu zuen iaz. Egileak 30.000 euroko saria jasoko du.

Ane Zubeldia Magriñak (Hondarribia, 1994) irabazi du 2026ko Gazteen Poesiako Espainiako Miguel Hernandez saria, kontra poema liburuagatik. Estatu espainiarreko Kultura Ministerioak ematen duen aitortza da.

Susak 2025ean argitaratutako euskarazko poesia lana da kontra. Epaimahaiak liburuaren intentsitate plastikoa azpimarratu du, eta gorputzaren aldakortasuna, frikzioa eta geldotasuna hizkuntza esperimentalaren bidez lantzeko modua nabarmendu du.

Liburuaren erritmoa ere hartu du kontuan epaimahaiak. Erritmo sinkopatuak, errepikapenak eta onomatopeiak baliatzen ditu Zubeldiak, eta, epaimahaiaren arabera, baliabide horien bidez esanahi berriak sortzen ditu egungo konplexutasun eta minei heltzeko. Uraren irudiek eta liburuari izenburua ematen dion kontra hitzak obran duten presentzia ere nabarmendu dute.

Idazlearen benetako izena Ane Garcia Lopez da, eta bi amonen abizenak hartu ditu literatura lanak sinatzeko: Zubeldia eta Magriña. Hain zuzen, amonei eta bere ibilbidean aurkitutako kideei eskaini die kontra.

Zubeldia itzultzailea da ikasketaz eta lanbidez. Musikaren esparruan ere aritu da, Iñigo Muguruzarekin batera Lurra taldeko kide izandakoa baita, eta komunikabideetan ere egin du lan. Literatura sorkuntzan, berriz, Mejillon Tigre kolektiboaren sortzaileetako bat da.

Egileak 30.000 euroko saria jasoko du eta idazten jarraitzeko denbora irabazteko erabili nahi duela azaldu du.

Zabaldu:

Utzi erantzuna