(argazkia: Musika Bizian)

Galizia, Flandria, Amazigh eta Euskal Herriko doinuak ekarriko ditu Musika Bizian jaialdiak Galdakaora

Faltriqueira, Kalakan, Enbrum, Agraf eta Xiberoots taldeek parte hartuko dute Musika Bizian jaialdiaren 12. edizioan, urriaren 30ean eta 31n. Kontzertuez gain, kale animazioa, luthier eta musikari artisauen azoka, musika erakustaldia eta haurrentzako tailerrak izango dira.

Estaturik gabeko herrialdeetako eta hizkuntza zein kultura gutxiagotuetako musikak elkartuko ditu beste urte batez Musika Bizian jaialdiak Galdakaon. Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak antolatutako egitasmoaren hamabigarren edizioa urriaren 30ean eta 31n egingo dute, Galiziako, Flandriako, Amazigheko eta Euskal Herriko taldeekin

Iturrondo plazan egingo dituzte kontzertuak. Urriaren 30ean, ostiralean, Galiziako Faltriqueira ariko da lehenik, eta Kalakan taldeak hartuko dio lekukoa; kontzertuak 21:30ean hasiko dira. Larunbatean, berriz, Flandriako Enbrum, Rif eskualdeko Agraf eta Xiberoots euakal taldea igoko dira oholtzara, 21:00etatik aurrera.

Hala, estilo eta tradizio desberdinak eramango dituzte Galdakaora bost talde hauek. Faltriqueirak Galiziako musika tradizionala lantzen du, ahotsa eta panderoak oinarri hartuta. Kalakanek ere ahotsa eta perkusioa ditu ardatz, eta euskal kantu tradizionalen moldaketak egiten ditu. Enbrumek Flandriako doinu tradizionalak erritmo garaikideekin uztartzen ditu; Agrafek, berriz, Rifeko musika tradizionala folk eta rockarekin nahasten du, tarifit hizkuntzan abestuz. Xiberootsek reggaea darabil euskara zabaltzeko, eta bereziki zubereraz abesten du.

Musika oholtzatik harago

Kontzertuez gain, kaleetara ere zabalduko da egitaraua. Ostiral arratsaldean Taberna Ibiltariak euskal kantutegiaren errepasoa egingo du, eta larunbatean Iruñeko Ortzadar Fanfarrea arduratuko da kale animazioaz.

Urriaren 31ko eguerdian musikari artisauen eta luthierren azoka tradizionala eta musika erakustaldia egingo dituzte. Arratsaldean, berriz, haurrentzako tailerrak izango dira. Bi egunetan jateko eta edateko aukera ere eskainiko dute.

Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak 2014an sortu zuen Musika Bizian, estaturik gabeko herrialdeetako eta hizkuntza zein kultura gutxiagotuetako musikari ikusgarritasuna emateko. Antolatzaileen arabera, jaialdiak “estatu eta hizkuntza zapalduen bozgorailu” izan nahi du, eta beste herrialde batzuetako musika, kultura eta hizkuntzak ezagutaraztea du helburu.

Zabaldu:

Utzi erantzuna