(argazkia: Kultur Sharea)

Haur eta gazteak euskal literaturara erakartzeko liburu azoka egingo dute urriaren 9an eta 10ean, Saran

Lehen eguna ikastetxeei eta profesionalei zuzenduko diete, eta larunbatean familiek hartuko dute lekukoa, liburu azoka, sortzaileekin topaketak, tailerrak eta ikuskizunak tarteko.

Ikusi Mikusik Euskal Herri osoko haur eta gazte literatura elkartuko du berriro Saran. Festibalak seigarren aldia izango du aurten, Biziki goxatu, osoki maitatu lelopean. Antolatzaileen arabera, euskarazko haur eta gazte literaturari leiho bat zabaltzea eta Euskal Herri osoko ikasleak, familiak eta sektoreko profesionalak elkartzea ditu helburu.

Urriaren 9a eskolei eta profesionalei eskainiko diete. Profesionalentzako egitarauak haur eta gazte literaturako azken urteko argitalpenen errepasoa, umoreari lotutako saioak eta sortzaileekin zein argitaletxeekin topatzeko aukerak bilduko ditu. Eguneko gai nagusietako bat, hain zuzen, umorea haur eta gazte literaturan izango da.

Arratsaldeko 15:30ean egingo duten Hau dunk umorea! mahai-inguruan, umoreak haur eta gazte literaturan duen funtzioaz ariko dira. Asisko Urmenetak gidatuko du saioa, eta Asun Agiriano, Ixabel Agirresarobe, Unai Iturriaga eta Josiane Aguerre-Valencia izango ditu solaskide. Aurretik, Elise Diletek euskaraz argitaratutako berritasunen hautaketa komentatua aurkeztuko du; Asun Agirianok umoreari buruzko liburuen zerrenda landuko du; eta Juan Kruz Igerabidek haurrekiko umorea lantzeko estrategiei buruzko saio praktikoa eskainiko du.

Larunbata, familientzat

Urriaren 10ean, berriz, familiei zabalduko diete festibala. Egun osoan zehar liburuak, tailerrak, ikuskizunak eta idazle zein ilustratzaileekin topaketak izango dira Sarako hainbat gunetan.

Programazioan, besteak beste, Ixabel Agirresaroberen Amona Tomaxa; Yolanda Arrietaren Gutun bat maite duzun hori; Asisko Urmenetaren Irudien bidaia irri artean; Aitziber Alonsoren Nik ere nahiko nuke!; eta Josiane Valencia-Agerreren XoOoo! topaketa eta tailerrak izango dira.

Ikuskizunen eta bestelako proposamenen artean daude Kristof Hiriarten Babes, Pontx eta Kikiren Liburutik plazara!, Kiribil eta Paxkal Indoren Loaldi musikala eta Maddi Zubeldia eta Bernadette Iratzokiren Makilakixki. Kilika Konpainiaren txotxongilo erraldoia ere herrian zehar ibiliko da, eta haur txikienentzako gune berezia izango da egun osoan.

Ikusi Mikusiren helburuetako bat Euskal Herri osoko haur eta gazte literaturaren inguruko eragileak toki berean elkartzea da. Horregatik, argitaletxe, idazle, ilustratzaile, liburu-saltzaile, liburuzain, ipuin-kontalari eta artistek parte hartzen dute festibalean, Euskal Herri osotik.

Zabaldu:

Utzi erantzuna