Alkaiza nagusitu da Donapaleun eta Soto Tolosan, biek 683na puntu eskuratuta. Garaipenekin, Alkaizak Larraun-Lekunberriko finalaurrekoan kantatuko du urriaren 24an, eta Sotok Miarritzekoan, azaroaren 14an.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen faseak beste bi saio utzi ditu asteburuan. Larunbatean Saioa Alkaiza Guallar nagusitu zen Donapaleuko Airetik gelan, eta igandean Julio Soto Ezkurdia Tolosako Usabal kiroldegian. Biek puntuazio bera lortu zuten: 683 puntu.
Donapaleun 450 bertsozaletik gora elkartu ziren larunbatean. Alkaizaren atzetik, Oihana Iguaran Barandiaran sailkatu zen, 672,5 punturekin; Maider Arregi Markuleta hirugarren izan zen, 659rekin. Eneko Lazkoz Martinezek 624,5 puntu eskuratu zituen, Iñaki Viñaspre Simonek 613,5 eta Sarai Robles Vitasek 600,5. Saioa irabazita, Alkaizak zuzenean lortu zuen urriaren 24an Larraun-Lekunberrin egingo den finalaurrekoan kantatzeko aukera.
Igandean, berriz, Tolosako Usabal kiroldegia bete zuten 1.300 bertsozaletik gora. Julio Soto izan zen puntu gehien bildu zituena, 683rekin. Amaia Iturriotz Etxaniz geratu zen bigarren, 651,5 punturekin; Eli Pagola Apezetxea hirugarren, 639rekin; Aitor Servier Etxexuri laugarren, 638rekin; Unai Mendiburu Valor bosgarren, 633,5ekin; eta Oihana Bartra Arenas seigarren, 632,5ekin. Sotok azaroaren 14an Miarritzen jokatuko den finalaurrekoan kantatuko du.
Bi saioetako gainerako bertsolariek lehen faseko puntuazioen arabera izango dute finalaurrekoetara sailkatzeko aukera. Lehen fasea datorren asteburuan amaituko da: larunbatean Gotaine-Irabarnen jokatuko dute saioa, eta igandean Agurainen. Biak 17:00etan hasiko dira.