Karrikirik lehen aldiz antolatu duen kultur zikloak kontzertuak, solasaldiak, topaketak eta liburu aurkezpenak bilduko ditu urriaren 9tik 31ra.
Euskaratik eta euskaraz ari diren eragileen arteko harremanak sendotu eta berriak sortzea du helburu Harizko Zubiak Ehuntzen kultur zikloaren lehen edizioak. Karrikiri elkarteak egingo du zikloa urrian, Iruñean, mugaz gaindiko proposamen kultural, intelektual eta soziolinguistiko garaikideak elkartzeko asmoz.
Antton Lukuren Euskal kultura? liburuaren berrargitalpena izango da zikloaren abiapuntuetako bat, baina programak musika, hausnarketa eta euskararen biziberritzeari lotutako egitasmoak ere hartuko ditu. Antolatzaileen asmoa da, gainera, Harizko Zubiak Ehuntzen urtero errepikatzeko moduko ekimena eratzea.
Musikak toki zabala izango du egitarauan. Urriaren 9an Oreka TX eta Thierry Biscary elkartuko dira Laban; urriaren 16an Ekhi Lambert eta Ixabe ariko dira; 17an ØDEI eta B.B.B.B.; eta 23an Habia eta Garazi Esnaola. Hilaren azken egunean bi kontzertu izango dira: eguerdian Baionako Buhaminak emakume abesbatzak kantatuko du Kondestablean, eta gauean Hor-Hor Hirukoteak, Elsa Oliarj-Ines, Claudine Heguiaphal eta Maika Etxekoparrek osatutako taldeak, itxiko du zikloa Laban.
Kontzertuez gain, hainbat topaketa eta solasaldi izango dira lehen edizio honetan. Urriaren 17an Rosa Ramos eta Xan Aire Ameslariak etorkizunari begira topaketan ariko dira, Astindu ikastarotik sortutako ametsak proiektu zehatz eta iraunkor bihurtzeko.
Urriaren 21ean, berriz, Aritz Ibañez, Peio Berterretxe eta Inhar Iraizoz elkartuko dira Karrikirin Euskal Kultura? gaur egun solasaldian. Antton Lukuren Euskal kultura? saiakeraren berrargitalpenetik abiatuta, kulturaz eta tradizioaz ariko dira.
Euskararen biziberritzeari lotutako bi egitasmo izango dituzte hizpide urriaren 28an Familiak, zubiak, egonaldiak solasaldian, Esther Lakasta eta Gartzen Garaiorekin. Bi egun geroago, Karrikirik Maiatz argitaletxearen hiru libururen aurkezpena hartuko du: Sara Mantxolaren Sentimenduaren metamorfosia, Amaia Aranzetaren Bihotzaren izkin batetik eta Itziar Madinaren Deserroa haurtzaro.
Zikloak Nafarroa eta Ipar Euskal Herriaren arteko kultur harremanak sustatzea du berezitasunetako bat, eta hori egitarauan islatu dute Ipar Euskal Herriko hainbat sortzaile eta proiekturen presentziarekin. Kontzertuetarako sarrerak Karrikirin eta online daude salgai.