Zenbat Gara elkartearen ekimenez sortutako espazioak lanerako eta biltzeko aukera eskainiko die euskalgintzako eta euskaraz diharduten gizarte eragileei. Done Bikendi kalean dago, Kafe Antzokiaren parean.
Hiribil izeneko elkargune berria aurkeztu dute Bilbon, Done Bikendi kaleko 3. zenbakian, Kafe Antzokiaren parean. Zenbat Gara elkartearen ekimenez sortutako espazioak Bilboko euskalgintzaren garapena sustatzea eta Euskal Herri osoko euskalgintzako eragileei Bilbon eta Bilbotik lan egiteko erraztasunak eskaintzea du helburu.
Duela egun batzuk egindako aurkezpenean, euskalgintzako hainbat eragiletako ordezkariak bildu ziren, espazioa ezagutzeko eta haren funtzionamenduaren berri jasotzeko.
Zenbat Gara elkarteak azaldu duenez, Bilbon euskalgintza orokorraren erreferente baten falta sumatzen zuten, eta horrek herri ikuspegia duten eragileek hirian jarduteko aukerak mugatzen zituela iritzita sortu dute Hiribil. Gunea Bilboko erdigunean dago, ondo konektatuta eta erreferentziazko ingurune politiko, kultural eta sozialetatik gertu.
Lanerako eta biltzeko espazioa
Hiribil guneak erabilera anitzeko aretoa, bilera-gela eta bulegoa eskainiko ditu, besteak beste. Egunerokoan lan egiteko nahiz bilerak, formazioak, mintegiak eta antzeko jarduerak egiteko erabili ahal izango da. Euskalgintzako eragileei eta euskarazko jarduna duten gizarte eragileei zuzenduta dago.
Lanerako tokia eskaintzeaz gain, euskalgintzako eragileen arteko harremanak sendotzea eta Bilborako proiektu berriak sortzea ere baditu helburu.
Zenbat Gara elkarteak jakinarazi duenez, zenbait eragilek dagoeneko adierazi dute gunean parte hartzeko asmoa. Datozen asteetan beste eragile batzuekin ere harremanetan jartzeko asmoa dute, Hiribil ezagutarazteko.
Espazioari buruzko informazio gehiago www.hiribil.eus webgunean dago eskuragarri. Interesa dutenek [email protected] helbidera ere idatz dezakete.