(argazkia: Hernaniko Udala)

Emakumeen izen propioak eramango ditu pantailara ‘Hariak’ zinemaldiak

Azaroaren 5etik 15era egingo dute jaialdia Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. Dokumentalen emanaldiek, ondorengo solasaldiek eta Afrikako oihalei buruzko erakusketa batek osatuko dute egitaraua.

Emakumeen bizipenak, memoria eta erresistentzia istorioak eramango ditu pantailara Hariak zinemaldiak bosgarren edizioan. Azaroaren 5etik 15era egingo dute Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan, eta dokumentalen bidez munduko hainbat errealitate ezagutzeko eta horien inguruan hausnartzeko aukera eskainiko du. Aurtengo egitarauan emakumeek protagonismo berezia izango dute, bai dokumentaletan kontatzen diren istorioetan, bai komunitatearen eraikuntzari eta memoriaren transmisioari lotutako gaietan.

Hernaniko Udalak aurkeztu du aurtengo egitaraua, Itsaso Lekuona Lankidetza zinegotziaren, Irantzu Jauregi teknikariaren eta AMHER elkarteko Su Hernandezen parte-hartzearekin. Lekuonak nabarmendu du zinemaldiak bost urteotan egin duen ibilbidea eta publikoaren erantzuna. “Hariak geratzeko etorri den ekimena da. Urtero du oso erantzun ona publikoaren aldetik. Erreferentzia bihurtu da zinemaldi txiki hau”, adierazi du.

Aurreko edizioetan migrazioa, emakumeen kontrako indarkeria, estraktibismoaren eragina, kontsumo ereduen ondorioak, gatazka politikoak, aldaketa klimatikoa, emakumeei ahotsa ematea eta memoria landu dituzte, besteak beste. Aurten, berriz, emakumeen izen propioak nabarmenduko dituzte. “Dokumental gehienek dituzte emakumeak protagonista. Izen propioak pantailara eramateko ariketa da aurtengo Hariak”, azaldu du Lekuonak. Emakumeek komunitatea sortzeko duten ardurari eta memoria jasotzeari buruz ere ariko dira.

Dokumentalak eta solasaldiak

Zinemaldiak bi asteko iraupena izango du, eta ostegunetik igandera antolatuko dituzte saioak Kulturarteko Plaza Feministan. Arratsaldeko hitzorduak 18:00etan izango dira, eta larunbatetan goizeko saioak ere eskainiko dituzte.

Saio guztiek egitura bera izango dute: lehenik dokumentala proiektatuko dute, eta ondoren, gaian sakontzeko solasaldia egingo dute. Horretarako, dokumentalen zuzendariak, protagonistak eta hainbat arlotako gonbidatuak izango dituzte.

Aurtengo parte-hartzaileen artean daude Lorea Flores Greenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzailea, Lander Garro zuzendaria, Marra Junior ekintzaile antiarrazista, Celeste Aguero feminista antiarrazista argentinarra eta Marguerite Ebou kulturarteko bitartekaria. Halaber, Omaira Castellanos Hernanin bizi den giza eskubideen defendatzaile kolonbiarrak eta Safura Khawarazmi Euskal Herrian bizi den afganiarrak ere parte hartuko dute.

Afrikako oihalen atzean dauden istorioak

Zinema emanaldiez gain, Afrikako oihalei buruzko erakusketa izango da ikusgai Kulturarteko Plaza Feministan, zinemaldiak irauten duen bitartean. Oihal horien atzean dauden hariak eta istorioak ezagutaraztea izango du helburu.

Zinemaldiko saio guztiak doakoak izango dira. Antolatzaileek ahalik eta emanaldi gehienetara joateko gonbita egin dute, dokumentalen artean dauden loturak identifikatu ahal izateko.

Egitarau osoa eta informazio gehiago hariak.hernani.eus webgunean daude eskuragarri.

Zabaldu:

Utzi erantzuna