Helena Wilhelmssonek 'Trembling Frequencies' aurkeztuko du (argazkia: Baratza aretoa)

Tzan Tzan Fest jaialdiak dantza garaikidea eramango du Barrundiara eta Baratza aretora

Urriaren 17tik 25era egingo dute jaialdia, eta tokiko eta nazioko dantza garaikideko ikuskizunak eskainiko dituzte. Egitarauan dantza tailerra, sorkuntza prozesuei buruzko solasaldia eta deialdi artistikoak ere izango dira.

Tzan Tzan Fest dantza garaikidearen jaialdiaren hamaikagarren edizioa urriaren 17tik 25era egingo da Barrundian eta Baratza aretoan. Tokiko eta nazioko dantza garaikideko ikuskizunak bilduko ditu egitarauak, eta horiez gain, dantza tailerra, sorkuntza prozesuei buruzko solasaldia eta Kamikaze deialdia antolatu dituzte. Ikuskizunak ardo dastaketekin lagunduko dituzte.

Jaialdiaren lehen jarduera urriaren 17an eta 18an izango da, Baratza aretoan. Ana Pi koreografoak Joy Is Not a Metaphor dantza tailerra eskainiko du. Alaitasunaren tonikotasuna esperimentatzea proposatuko du, dantza eta iruditeria berriak sortzeko tresna gisa, erritmoa, presentzia, tentsioa eta entzumena lantzen dituzten ariketen bidez.

Afrikako diasporako pertsonek lehentasuna izango dute tailerrean parte hartzeko. Parte-hartzaileek, gainera, jaialdiko ikuskizun bat ikusteko sarrera jasoko dute.

Hiru proposamen labur 

Ikuskizunen egitaraua urriaren 23an hasiko da, 19:00etan, Barrundiako polikiroldegian. Dantza garaikideko hiru pieza labur eskainiko dituzte bertan.

Helena Wilhelmssonek Trembling Frequencies aurkeztuko du, bere lehen bakarkako lana. Mitologia, esperientzia pertsonala eta arte bisuala uztartzen ditu piezak, identitateari, irrikari eta bakardadeari buruzko gogoeta poetiko batean.

Ondoren, Marilisa Gallichiok eta Alessia Sinatok Pack-Back taularatuko dute. Amaitu eta berriz hasten den bidaia baten bidez, bi aktoreak begizta batean harrapatuta agertuko dira. Bidaian zehar, bizitzaren pisua partekatzean arintzen dela eta ezezagunera irekitzea zer den landuko dute.

Eguneko azken emanaldia D’elas taldearen Velaquich Amorch! izango da. Zuzeneko musika duen dantza garaikideko piezak hiperkonexioa, sare sozialen erritmo frenetikoa eta etengabe eguneratuta egoteko beharra aztertzen ditu.

Sorkuntza prozesuei buruzko solasaldia eta 40. Bidegurutzea

Urriaren 24an, Baratza aretoan izango da hitzordua. Jardunaldia Denbora eta sorkuntza prozesuak solasaldiarekin hasiko da. Dantza piezak egiteko eta eraikitzeko denborak eta moduak izango dituzte hizpide, arratsaldean bertan aurkeztuko den 40. Bidegurutzea lana adibidetzat hartuta. Solasaldia irekia eta doakoa izango da, eta parte hartu nahi dutenek [email protected] helbidera idatzi beharko dute.

20:00etan, Miriam Perez Cazabonek 40. Bidegurutzea. Hainbat pentsamendu, ekintza eta paisaietan barrena bakardadean igarotzea aurkeztuko du. Artistak bere buruari eta inguruneari buruzko galderak planteatzen ditu, atzera begiratzearen eta aurrera begiratzearen inguruan.

Emanaldiaren ondoren, Candido Besa upategiak piezarekin lotuta aukeratutako ardoa dastatuko dute, ikuskizuna komentatzen duten bitartean.

Bi dantza pieza eta bideodantza bat azken egunean

Jaialdia urriaren 25ean amaituko da, Baratza aretoan, 19:00etan. Olatz de Andresek Cuerpos que se entregan a aquello que va a desaparecer aurkeztuko du, espazio ez-konbentzionaletarako sortutako 25 minutuko pieza. Antolakuntzak azaldu duenez, “pieza eszenan dauden hiru gorputzekin hasten da, eta keinu minimo batekin, modu sinkronizatuan errepikatuta, metronomo baten doitasuna iradokiz. Progresio iraunkor batean, dantzari bakoitzak aldaketa-ñabardura bat ematen du, eta materiala zerbait berriraino eraldatzen joaten da. Interpreteak desinkronizatu egiten dira eta aldaeren, desberdintasunen eta desbideratzeen eremu koreografiko bat zabaltzen dute, denborazkotasun hedatua sortzen dutenak”.

Jarraian, Alba de Miguelek Grietas eskainiko du. Benetako nortasunari, jatorriei eta sustraiei buruzko galderak lantzen ditu piezak, baita bizitako esperientzien eragina eta ondorioak ere.

Azkenik, bideodantza pieza bat proiektatuko dute, abenduan Baratza aretoan egingo den bideodantza saioaren aurrerapen gisa. Egun horretan ere Candido Besa upategiko ardoak dastatuko dituzte. Esti Besak aukeratuko ditu ardoak, eta hautaketaren arrazoiak azalduko ditu.

Kamikaze deialdia eta egonaldi artistikoa

Aurtengo berrikuntzetako bat Kamikaze deialdia da. Dekalogo jakin bat betez eta denbora gutxian pieza labur bat sortzeko prest dauden pertsonak edo kolektiboak bilatuko dituzte. Deialdi horren emaitza jaialdiaren hurrengo edizioan erakutsiko dute.

Horrez gain, egonaldi artistiko baterako deialdia ere zabaldu dute, aurreprodukzio prozesuan dagoen dantza garaikideko proposamen eszeniko bati edo hizkuntza berriei zuzenduta. Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 25era arte egongo da zabalik, eta egonaldia abenduaren 21etik otsailaren 22ra izango da.

Jaialdiko ikuskizunetarako sarrerak eta bonuak salabaratza.com webgunean daude eskuragarri.

Zabaldu:

Utzi erantzuna