(argazkia: GFA)

Escape roomak, tailerrak eta podcastak uztartuko ditu Treba Gazteak programaren edizio berriak

Ekimenak sei udalerri zeharkatuko ditu, Zegaman eta Legazpin hasita. Feminismo intersekzionala, teknologia berriak eta ongizate emozionala landuko dituzte gazteek, eta sei podcast atal grabatuko dituzte.

Treba Gazteak programak formatua berritu du, gazteen parte-hartzea eta aisialdi alternatiboa oinarri hartuta. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenak escape roomak, prestakuntza tailerrak eta podcasten grabaketak uztartuko ditu sei udalerritan. Aurtengo edizioan feminismo intersekzionala, teknologia digital berriek eta algoritmoek gazteen bizitzan duten eragina eta ongizate emozionala landuko dituzte.

Aske ON, Cntl. ON eta Izan ON lelopean, hiru gai horien inguruko ezagutzak eta esperientziak partekatzeko jarduerak antolatu dituzte. Udalerri bakoitzean, programarako bereziki diseinatutako escape room batekin hasiko dira. Hainbat erronka eta probaren bidez, parte-hartzaileek edizioaren hiru gaiak ezagutzeko aukera izango dute.

Aste batzuk geroago, gai horietako batean sakontzeko prestakuntza tailerra egingo dute, ostiral arratsaldean. Ageda Blasco arduratuko da feminismo intersekzionalari buruzko saioez; Intered, teknologia berriei buruzkoez; eta Ainhoa Urretagoiena, ongizate emozionalari buruzkoez. Tailerrek metodologia praktikoa eta parte-hartzailea izango dute.

Gazteek sortutako sei podcast atal

Udalerri bakoitzeko egitaraua larunbatean amaituko da, Treba Gazteak podcastaren atal bat grabatuta. Eduki-sortzaile baten gidaritzapean, gazteek podcastak egiteko oinarrizko ezagutzak landuko dituzte, eta saioaren sorkuntzan, gidaritzan eta grabaketan parte hartuko dute.

Atal bakoitzean tailerreko prestatzailea, dinamizatzaile edo eduki-sortzaile bat eta tailerrean parte hartu duten gazteak elkartuko dira. Solasaldietan, landutako gaiari buruzko ezagutzak, esperientziak eta ikuspuntuak partekatuko dituzte.

Guztira sei atal ekoitziko dituzte, hiru gaietako bakoitzari bi eskainita. Aske ON atalak feminismo intersekzionalari buruzkoak izango dira, Malen Altuna sortzaile eta dinamizatzailearekin. Cntl. ON ataletan teknologia berriak landuko dituzte, baina oraindik ez dute jakinarazi nor izango den dinamizatzailea. Izan ON ataletan, berriz, ongizate emozionala izango dute hizpide, Janire Atxurrarekin.

Zegaman eta Legazpin 

Treba Gazteak programaren lehen geltokia Zegama izango da. Urriaren 23an eta 24an escape rooma jarriko dute gaztelekuan, eta bederatzi saio eskainiko dituzte. Ostiralean, urriaren 23an, 17:00etan, 18:30ean eta 20:00etan izango dira saioak. Larunbatean, berriz, 10:00etan, 11:30ean, 13:00etan, 16:00etan, 17:30ean eta 19:00etan.

Zegamako prestakuntza tailerra azaroaren 6an egingo dute, gaztelekuan, Izan ON egitasmoaren barruan. Ongizate emozionala landuko dute, eta hurrengo egunean, azaroaren 7an, podcastaren atala grabatuko dute tailerrean parte hartu duten gazteekin.

Legazpin, berriz, escape rooma azaroaren 13tik 15era egongo da gaztelekuan. Hamabi saio antolatu dituzte: azaroaren 13an, 15:00etan, 16:30ean eta 18:00etan; azaroaren 14an, 10:00etan, 11:30ean, 13:00etan, 15:30ean, 17:00etan eta 18:30ean; eta azaroaren 15ean, 16:00etan, 17:30ean eta 19:00etan.

Legazpiko tailerra azaroaren 27an egingo dute, Aske ON egitasmoaren barruan, feminismo intersekzionalari buruz. Podcastaren grabaketa azaroaren 28an izango da, tailerrean parte hartu duten gazteekin.

Programak 2027an izango du jarraipena Ibarran eta aurrerago jakinaraziko dituzten Gipuzkoako beste hiru udalerritan.

Escape roometan, prestakuntza tailerretan eta podcasten grabaketetan parte hartzeko izen-ematea gip.eus/TREBAgazteak webgunean eskuragarri dagoen formularioaren bidez egin ahal izango da.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna