(argazkia: Dantzerti)

Zortzi antzerki testu lehiatuko dira Bizkaiko I. Dramaturgia Txapelketan

Azaroaren 7an eta 8an egingo dute txapelketa Bilboko BBK aretoan, eta publikoak aukeratuko ditu bi lan irabazleak. Egitasmoa azaroaren 6tik 8ra antolatutako Dramaturgia Biziak 2026 Euskal Jardunaldien barruan egingo da.

Bilboko BBK aretoak Bizkaiko I. Dramaturgia Txapelketa hartuko du azaroaren 7an eta 8an. Argitaratu gabeko zortzi antzerki testu lehiatuko dira, lau euskaraz eta lau gaztelaniaz, eta ikusleek erabakiko dute zein lan igaroko diren finalera eta zeintzuk izango diren irabazleak. Hizkuntza bakoitzeko lanak 1.000 euroko saria jasoko du. Txapelketa BBK-k, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Dantzertik antolatutako Dramaturgia Biziak 2026 Euskal Jardunaldien barruan egingo da.

Lehiaketan parte hartzeko deialdia urriaren 29ra arte egongo da zabalik. Antzerki idazketan interesa duten 18 urtetik gorako pertsona guztiek aurkeztu ahal izango dituzte lanak, profesionalak izan zein egile berriak. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi obra bidali ahal izango ditu, eta testuek originalak, argitaragabeak eta aurretik saririk jaso gabeak izan beharko dute. Gehienez bi interpreterentzat idatzitako lanak izan beharko dute, 15 minutuko iraupenarekin.

Batzorde batek zortzi testu aukeratuko ditu, eta Dantzertiko ikasleek BBK aretoko oholtzara eramango dituzte, irakurketa dramatizatuen edo erdi dramatizatuen bidez. Azaroaren 7ko finalaurrekoan, eszenatokian jarritako ring batean aurkeztuko dituzte lanak. Publikoaren botoek erabakiko dute zein lau testu sailkatuko diren finalerako, hizkuntza bakoitzeko bi. Azaroaren 8an egingo den finalean, ikusleek berriro bozkatuko dute, eta euskarazko zein gaztelaniazko lan irabazleak aukeratuko dituzte.

Bi saioak publikoari irekiak izango dira, eta sarrera doakoa izango da lekua bete arte.

Lanak [email protected] helbidera bidali beharko dira, bi PDF fitxategitan. Lehenengoak anonimoa izan beharko du, eta testua, izenburua eta izengoitia jaso beharko ditu. Bigarrenak, berriz, egilearen datu pertsonalak jasoko ditu.

Dramaturgiari buruzko topaketak eta tailerra

Txapelketaz gain, Dramaturgia Biziak 2026 Euskal Jardunaldiek hainbat jarduera bilduko dituzte azaroaren 6tik 8ra, antzerki idazketaren inguruan. Egitasmoak euskal dramaturgia garaikidea bultzatzea, lurraldeko talentua babestea eta profesionalak, egile berriak eta publikoa elkartzea du helburu.

Azaroaren 6an eta 7an, dramaturgiako, zuzendaritzako, interpretazioko eta antzerki edizioko profesionalekin topaketak eta eztabaida mahaiak egingo dituzte. Parte-hartzaileen artean izango dira Ana Garcia Peña, Agurtzane Intxaurraga, Javier Liñera, Conchita Piña eta Denise Despeyroux.

Topaketa eta eztabaida mahaietarako sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da [email protected] helbidean.

Bestalde, Paco Gamezek Material inflamable dramaturgia tailerra eskainiko du larunbat arratsaldean eta igande goizean.

Dramaturgia Biziak jardunaldien egitarauan Leonora antzezlana ere izango da, azaroaren 6an, 19:30ean, BBK aretoan. Alberto Conejerok idatzi eta zuzendu du lana, eta Natalia Huarte du protagonista.

Zabaldu:

Utzi erantzuna