(argazkia: Tabakalera)

Liburutegien arteko elkarlana izango da aurtengo Liburutegien Egunaren ardatza Donostian

Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak, Medialab Tabakalerak eta Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Urriaren 27ko jardunaldi profesionalaz gain, literatura solasaldia, mikrokontzertuak eta zinema emanaldia izango dira.

Liburutegien eta liburuzainen arteko harremanak sendotzeko estrategiak izango dituzte hizpide Donostian, 2026ko Liburutegien Egunaren harira. Batuz trebatu lelopean, elkarlanaren indarra eta eraginkortasuna nabarmendu nahi dituzte antolatzaileek, baita liburutegien arteko sareak indartzeko aukerak aztertu ere. Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak, Medialab Tabakalerak eta Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak antolatu dute egitaraua, elkarlanean.

Aurreko urteetan liburutegietan sortzen diren harremanen garrantzia azpimarratu ondoren, aurten liburutegien eta bertako profesionalen arteko loturetan jarriko dute arreta. Horretarako, hausnarketa teorikoa eta jarduera praktikoak uztartuko dituzte, sare profesionalak sendotzeko tresnak lantzeko helburuarekin.

Jardunaldi profesionala urriaren 27an

Liburutegien Eguneko ekitaldi nagusia urriaren 27an egingo dute, Tabakalerako 1 aretoan. Liburutegietako profesionalei zuzendutako jardunaldia izango da, eta bi saio izango ditu.

Goizean, Ferran Burguillos Bartzelonako liburutegi-sarearen gerenteak hitzaldia eskainiko du. Bartzelonako Udal Liburutegien Sarea 236 liburutegik eta 13 bibliobusek osatzen dute, eta modu koordinatuan lan egiten dute, zerbitzu eta kalitate estandar berberekin. Sare horren helburua Bartzelonako probintziako herritar guztiek kulturarako sarbide bera izatea da. Burguillosek liburutegien sare profesionalen balioari buruz hitz egingo du.

Ondoren, João de Sousa Guerreiro liburuzainak saio praktikoa gidatuko du, sare horiek aktibatzeko tresnak sortzeko. Liburutegien arloan ibilbide luzea du, eta prestakuntzan ere jarduten da. Herritarren parte-hartzea eta liburutegien eta komunitateen arteko harremanak landu ditu bere ibilbidean. 2018an, Bibliotecas ciudadanas: Espacios de desarrollo y participación liburua argitaratu zuen, Maria Ramona Dominguez Sanjurjorekin batera.

Literatura, musika eta zinema egitarau osagarrian

Jardunaldi profesionalarekin batera, herritarrei zuzendutako hainbat kultur jarduera ere antolatu dituzte urriaren 20tik 25era.

Urriaren 20an, asteartea, Luna Miguel idazlearekin solasaldia egingo dute, Incensurable liburuaren inguruan. Hitzordua 19:00etan izango da, Liburutegi Nagusiko San Jeronimo kaleko aretoan.

Urriaren 24an, larunbata, musika liburutegietara iritsiko da, Musika liburutegietan. Mikrokontzertuak liburu artean ekimenaren bidez. 12:00etan, Sergio Muñozek Liburutegi Nagusian, Alderdi Ederren, eskainiko du emanaldia; ordu berean, Michael Tag ariko da Okendo Kultur Etxeko Liburutegian.

Azkenik, urriaren 25ean, igandea, La estrategia del caracol (Sergio Cabrera, 1993) filma proiektatuko dute Tabakaleran, 19:00etan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna