Exkixu taldean eta Mikel Urdangarinekin aritu zen. Bakarkako ibilbide luzea ere egin zuen, hainbat estilo eta formatu landuz. Musikaz gain, poesia, antzerkia eta marrazkigintza ere jorratu zituen.
Igor Arzuaga Gumuzio musikari eta sortzaile aretarra urriaren 20an hil zen, 50 urte zituela. Laudion jaio zen 1976an, eta hainbat musika-tresna jotzen zituen, besteak beste, pianoa, gitarra, baxua, akordeoia, trikitia eta teklatua.
Gaztetatik aritu zen musikagintzan. Exkixu taldeko kide izan zen, eta Mikel Urdangarin kantautorearekin ere egin zuen lan. Ondoren, bakarkako ibilbideari ekin zion, 2002an Argi izpi bat diskoa argitaratuta.
Hurrengo urteetan diskografia zabala osatu zuen, tartean Smog (2004), Lagun eroa (2008), Unibertsoa gu (2008), Mara mara (2011), Experience (2013), Llegará (2013), Nire begiak (2017), Menditik jaitsi ginen (2020), Ekaitza ostean (2021) eta Eider laukotea (2025) lanekin. Bere diskoetan askotariko musika-estiloak eta formatuak landu zituen, bakarka zein beste musikari batzuekin elkarlanean.
Aiaraldeak jaso duenez, Eitina, Une Latzak eta Narrats taldeetan ere parte hartu zuen, eta Ruper Ordorika, Hasier Oleaga eta Josu Zabalarekin aritu zen elkarlanean. Mara izen artistikoa ere erabili zuen bere ibilbidean.
Musikaz gain, beste hainbat sormen-esparrutan ere jardun zuen Arzuagak. Bi poema-liburu argitaratu zituen: De espantapájaros y escarcha (2022) eta Embriagado de infinitos (2023). Pintura-erakusketak egin zituen Aretan eta Laudion, eta antzerkian ere aritu zen, Mikel Ayllonekin elkarlanean, Takoidun Zapata Gorria, Hau Gerra Bat Da eta Hau Ez Da Gerra Bat lanetan.