Iruñeko Udalak antolatutako bitartekaritza artistikoko programaren hirugarren edizioa martxora arte egingo da. 15 eta 21 urte bitarteko gazteek sormen-lantegietan, artistekin egindako topaketetan eta kultura-jardueretan parte hartuko dute, Oihane Mcguiness eta Karmele Oterosen koordinaziopean.
Hogei bat gazte parte hartzen ari dira Iruñeko Udalak antolatutako Taldeka bitartekaritza artistikoko programaren hirugarren edizioan. Urritik martxora bitartean egingo den egitasmoak kultura garaikidera modu sortzailean hurbiltzea du helburu, gazteek hiriko bizimodu kulturala eta artistikoa ezagutu eta beste gazte batzuei zuzendutako proposamen artistikoak sor ditzaten.
Parte-hartzaileak bi taldetan banatuta daude, adinaren arabera: 15 eta 17 urte bitartekoak, batetik, eta 18 eta 21 urte bitartekoak, bestetik. Ostegunetan, bi astean behin, doako saioetan elkartuko dira, Oihane Mcguiness eta Karmele Oteros sortzaileen gidaritzapean. Guztira hamabost saio aurreikusi dituzte, eta horietatik hiru egin dituzte dagoeneko. Programa euskaraz zein gaztelaniaz mintzatzen diren gazteei zuzenduta dago.
Identitatea, sormenaren abiapuntu
Aurtengo edizioaren ardatza identitatea izango da, norbanakoaren zein taldearen ikuspegitik landuta. Horretarako, hiru lan-ildo proposatu dituzte.
Lehenengoan, parte-hartzaileek eguneroko esperientzietatik abiatuta aztertuko dute beren identitatea, sortutako irudien eta euskarri fisikoen bidez. Bigarrenean, artistek gidatutako lantegietan parte hartuko dute, argazkigintza, bideoa, soinua, moda eta narratiba bezalako diziplinak erabiliz. Hirugarrenean, berriz, identitate indibidualaren eta kolektiboaren arteko lotura landuko dute, Ziudadelan garatuko diren praktika komunitarioen bidez.
Saioen barruan, tokiko artistekin topaketak, erakusketetara bisitak eta kultura-ekitaldietako parte-hartzea ere aurreikusi dituzte. Jarduera horien bidez, gazteek esperientziak partekatu, adierazpen artistikoak aztertu eta elkarlanean proiektuak garatzeko aukera izango dute.
Aurreko edizioan, askotariko sormen-jarduerak
Taldekaren aurreko edizioan, parte-hartzaileek argazkigintza analogikoa, musika nahasteko mahaiak eta platerak, film laburrak, fanzineak eta ehun-sublimazioa landu zituzten, besteak beste. Arte Garaikideko Uharte Zentroa ere bisitatu zuten, hainbat artistaren lanak ezagutu zituzten eta egindako lanekin amaierako erakusketa bat antolatu zuten.