(argazkia: Aske jaialdia)

Pantxoa eta Peiok presoen aldeko azken kontzertua eskainiko dute abenduaren 27an Atarrabian

Harrera elkartearen aldeko elkartasun emanaldia Aske jaialdiaren karpan egingo dute, jaialdiaren antolatzaileen laguntzarekin. Bikote lapurtarrak urtarrilean emango ditu bere ibilbideko azken bi kontzertuak, Barakaldoko BECen.

Pantxoa eta Peiok presoen aldeko azken kontzertua eskainiko dute abenduaren 27an, Atarrabian. Harrera elkarteari laguntzeko antolatutako emanaldia izango da, Aske jaialdiaren elkarlanarekin. Bikote lapurtarra agertokietatik agurtzeko azken txanpan dago, eta urtarrilean BECen eskainiko dituen bi kontzertuen aurretik egingo du elkartasun emanaldia.

Azken hilabeteotan, beren musika ibilbidean garrantzia izan duten hainbat herri eta hiritara itzuli dira Pantxoa eta Peio. Agurreko azken emanaldiei ekin aurretik, presoen aldeko beste ekarpen bat egin nahi izan dute, oraingoan Harrera elkartearen alde.

Kontzertua Aske jaialdiaren karpan egingo dute. Jaialdia bezperan ospatuko da, Euskal Herriaren nazio askapenean kulturaren bidez ekarpena egiteko helburuarekin. Askeko antolatzaileek azpiegitura eta boluntarioak jarriko dituzte Harreraren aldeko biharamuneko emanaldia egiteko.

Sarrerak gaur, urriak 26, 14:00etan, jarriko dituzte salgai Aske jaialdiaren webgunean. Sarrera arruntak 30 euro balioko du, eta Aske jaialdirako zein igandeko kontzerturako sarrerak biltzen dituen bonu bikoitza 60 euroan eskuratu ahal izango da. Jaialdirako sarrera aurrez erosi dutenek, berriz, 20 euroko gehigarria ordainduta izango dute Pantxoa eta Peioren emanaldira joateko aukera.

Pantxoa eta Peiorekin batera agertokira igoko diren gainerako artistak urriaren 26an jakinaraziko dituzte.

Zabaldu:

Utzi erantzuna