Eh! Txe txe! lelopean, azaroaren 3tik 7ra eta abenduaren 18an egingo dute kultura feministaren jaialdia Donostian. Etxebizitzaren auziari ikuspegi feminista eta kolektibotik helduko diote, 40 gonbidatu baino gehiagoren parte-hartzearekin.
Etxe bat izatea, bertan bizitzen jarraitu ahal izatea eta norberaren auzoan geratzeko eskubidea aldarrikatuko ditu aurtengo Feministaldiak. Kultura feministaren jaialdiak 21. edizioa ospatuko du Donostian, Eh! Txe txe! lelopean, eta etxebizitzaren inguruko gatazkak, bizitzeko baldintzak eta antolakuntza kolektiboa eramango ditu eztabaidaren erdigunera.
Azaroaren 3tik 7ra izango da jaialdiaren parte nagusia, eta abenduaren 18an beste jardunaldi bat izango da. Artearen, pentsamenduaren eta aktibismoaren esparruetako 40 gonbidatu baino gehiago bilduko ditu jaialdiak.
Antolatzaileek etxebizitza merkatuaren logikatik harago ulertzeko beharra jarri dute mahai gainean. Etxea bizitzeko espazioa izateaz gain, segurtasunarekin, komunitatearekin eta lurraldearekiko loturarekin zerikusia duen eremua dela aztertuko dute. Donostian etxebizitza eskuratzeko dauden zailtasunak ere izango dituzte hizpide, baita kaleratzeak, espekulazioa eta auzoetako biztanleen desplazamendua ere.
Etxebizitza, zaintza eta indarkeria, eztabaidagai
Jaialdia azaroaren 3an hasiko da, Guardetxean. Bertan, Sualmak, Uxue Lasa Ameztoyk eta Amaia Sara Saenz Escribanok zurgintza, iturgintza eta elektrizitate tailerrak eskainiko dituzte.
Hurrengo bi egunetan, Kontadores gazte zentroak hartuko ditu jarduerak. Azaroaren 4an, Lore Caballero Barandiaranek etxebizitzak babesleku gisa ulertzeko aukerak landuko ditu, eta Itziar Gonzalez Viros arkitektoak etxe hutsak berreskuratzeko arkitektura sozialaren inguruan hitz egingo du.
Azaroaren 5ean, berriz, sexu-langileen borroka intersekzionalak eta etxe barruko indarkeria izango dituzte eztabaidagai. Azken gai horren inguruko mahai-inguruak etxea beti espazio segurua ez dela erakusteko aukera emango du. Amaiur Maciasek performance bat ere eskainiko du.
Sorkuntza artistikoa eta nazioarteko esperientziak
Azaroaren 6an, Intxaurrondo kultur etxera lekualdatuko da jaialdia. Goizean, Josu Bilbaok eta Miren Jaiok praktika artistikoaren eta bizi- zein lan-baldintzen arteko harremanei buruzko lan-saioa gidatuko dute.
Arratsaldean, Sarah Carmonak eta Maria Garcia Ruizek hitzaldi performatiboa eskainiko dute. Ondoren, Kurdistanen askapenaren aldeko emakumeen mugimenduak etxebizitzaren, lurraldearen eta antolaketa kolektiboaren inguruko esperientziak eta hausnarketak partekatuko ditu.
Musikak ere tokia izango du egun horretan, Andrea Berboisen kontzertuarekin eta Megane Mercuryren DJ saioarekin.
Azaroaren 7an, Antzoki Zaharrean bilduko dira jaialdiko hainbat artista eta kolektibo, gala baten bidez.
Etxebizitzaren aldeko borrokak eta sorkuntza artistikoa uztartuko dituzte bertan. Besteak beste, eraikinak okupatzetik harago etxeak eta auzo biziak sortzeko aukerak, etxeko langileen bizi-baldintzak eta Donostiako etxebizitzaren auzia izango dituzte hizpide.
Egitarauan Kaleko Afari Solidarioak, Errekaleor, Territorio Doméstico eta etxebizitzaren aldeko hainbat kolektiboren proposamenak ageri dira. Performanceek, bertsolaritzak eta bestelako esku-hartze artistikoek osatuko dute jardunaldia.
Abenduan ere izango du jarraipena
Feministaldiak abenduaren 18an emango dio jarraipena egitarauari. Hirian barrena ibilbide kritiko bat egingo dute arkitetak taldearekin, eta Tabakaleran Sarah Rasinesen soinu-instalazioarekin lotutako saioa eta etxebizitza sozialari buruzko elkarrizketa izango dira. Le Bukowskin amaituko dute eguna, Putas amak eta Makedaren eskutik.
Feministaldia kultura, sorkuntza eta pentsamendu feminista elkartzeko topagunea da. Plazandreok plataformaren ekimenez sortua, hainbat diziplinatako artistei, pentsalariei eta aktibistei eman die lekua urteotan.
Egitarau osoa Feministaldiaren webgunean dago ikusgai.