2027an mende laurdena beteko du Gasteizko museoak, eta 3.000 artelan baino gehiago biltzen dituen bildumari eskainiko dio ospakizun-programa. Arabako Arte Ederren Museoarekin elkarlanean ere arituko da.
Artium Museoak 25. urteurrena ospatuko du 2027an, bere bildumaren historia eta eraldaketa ardatz hartuta. 2002ko apirilaren 26an ireki zituen ateak Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Arabako Foru Aldundiaren Arte Moderno eta Garaikideko Bildumako funtsetatik abiatuta. Gaur egun 3.000 artelan baino gehiago biltzen dituen bilduma publikoaren ibilbidea berrikusiko du urteurreneko programak.
Ospakizunaren atariko gisa, Arabako Arte Ederren Museoarekin elkarlanean hasi da Artium. Bi erakundeen arteko artelan-trukean, Aurelio Artetaren Tríptico de la Guerra ikusgai dago jada Artiumen, eta Pablo Picassoren Mousquetaire à la pipe Arabako Arte Ederren Museora eramango dute. Azken margolan hori Arabako Foru Aldundiak erosi zuen 1979an.
Bildumaren A0 aretoan, halaber, Orain taldeak 1966an Arabako Arte Ederren Museoan antolatutako erakusketaren memoria berreskuratu dute. Juan Mieg, Carmelo Ortiz de Elgea eta Amable Ariasen lanekin batera, Joaquin Fraileren eta Jose Ignacio Vegas Aranbururen artxiboetako materialak jarri dituzte ikusgai.
2027ko martxoan, bildumaren funtsen berrantolaketa aurkeztuko dute A0 aretoan, 1960ko hamarkadaren amaieratik 1990eko hamarkadara arteko hastapenak aztertuz. Apiriletik aurrera, A1 eta A2 aretoek arte-ekoizpen garaikideko lanak hartuko dituzte, museoko funtsetan egindako ikerketa berrietan oinarrituta.
Programazioaren barruan, I Baschi alla Biennale 1976/2026 erakusketa ere aurkeztuko dute azaroan, Veneziako Palazzo Contarinin erakutsitako proiektuaren bertsio zabalagoarekin.