Eusko Ikaskuntzak donostiarraren ikerketa-ibilbidea eta kulturaren nahiz emakumeen eskubideen alde egindako lana aitortu ditu. Euskal historiografiaren berrikuntzan egindako ekarpena nabarmendu du epaimahaiak.
Lola Valverde Lamsfus historialaria (Donostia, 1941) da 2026ko Manuel Lekuona Sariaren irabazlea. Eusko Ikaskuntzak 1983an sortutako sariak euskal kulturaren alde egindako ibilbide osoa aitortzen du, eta aurten Valverderen ikerketa-lana, pentsamendu kritikoa eta konpromiso soziala nabarmendu ditu.
1976an Historia Moderno eta Garaikidean lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean, eta 1992an doktoretza lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. 1990etik aurrera irakasle aritu zen, Historia Garaikideko katedradun izatera iritsi arte.
Valverdek euskal historiaren ikerketan genero-ikuspegia txertatzen lagundu du, ordura arte gutxi aztertutako errealitateei arreta eskainiz. Familia, jabetza, herentzia, pobrezia, ezkontzaz kanpoko amatasuna, emakumeen lana eta egoera juridikoa izan ditu ikergai, besteak beste. Ekarpen horiengatik, historiografia berriaren aitzindaritzat jotzen da.
Ikerketaz gain, Maria de Maeztu Forum Feministaren sorreran parte hartu zuen, eta Iura Vasconiae fundazioko presidente nahiz Eusko Ikaskuntzako lehendakariorde eta Historia saileko presidente izan da. Nazioartean ere jardun du, Mexikon, Kuban eta Argentinan irakaskuntza eta ikerkuntza lanak eginez.
Sariaren epaimahaiak Valverderen ekarpen intelektuala eta soziala ez ezik, Euskal Herriaren historia ikuspegi kritikoago eta inklusiboago batetik lantzeko bidea ireki duten emakumeen ondarea ere nabarmendu du.
Remigio Mendiburuk sortutako Manuel Lekuona Saria irudikatzen duen brontzezko eskulturaren entrega ekitaldi publiko batean egingo da 2027an, oraindik zehazteke dagoen datan.