Atsegindegi plazan, udazkeneko argitalpen berriak, komiki-aurkezpenak, sinatze saioak eta zuzeneko marrazketa izango dira, besteak beste. Aurten, gainera, Patxi Huarte Zaldieroa komikigilearen ibilbidea aitortuko dute Joseph Camino sariaren bidez.
Hernanikomik euskal komikiaren azokak bosgarren edizioa ospatuko du azaroaren 20an eta 21ean, Hernaniko Atsegindegi plazan. Euskal komikigileen eta Hernaniko Udal Liburutegiaren arteko elkarlanetik sortutako ekimenak euskarazko komikigintza sustatzea eta zabaltzea du helburu. “Momentu honetan, euskarazko komikiari eskainitako plaza bakarra da Hernanikomik”, nabarmendu du Aitor Huizi Kultura zinegotziak.
Bi egunetan, argitaletxeen postuak, komiki-aurkezpenak, sinatze saioak eta zuzeneko marrazketa izango dira, besteak beste. Aurkeztuko dituzten lan gehienak udazkeneko berritasunak izango dira, eta azokak 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara irekiko ditu ateak.
Aurtengo omendua Patxi Huarte Zaldieroa izango da, Joseph Camino sariaren bidez. Dani Fano komikigile eta antolatzaileak azaldu duenez, “Patxi Huartek komikigile gisa jasoko duen lehenengo aitortza da”. Haren ibilbideari buruzko erakusketa ere ikusgai egongo da Biteri kultur etxean, azaroaren 9tik 25era.
Azokaren aurreko jarduerak azaroaren 7an hasiko dira, zortzi komikigilek herriko hainbat saltokitako erakusleihoak margotuko dituztenean. Azaroaren 20an, berriz, bertso-afari marraztua egingo dute Santa Barbara elkartean, Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin, Amaia Carrere eta Exprai marrazkilariekin eta Asisko Urmeneta gai-jartzailearekin.
Euskal komikigintzak azken bi hamarkadetan izandako hazkundea ere azpimarratu du Fanok. “Zorionez, urte hauetan hazi egin da euskarazko komikia, egile kopurua, urtero argitaratzen dena eta komikia argitaratzen duten argitaletxe kopurua”, adierazi du. Hernanikomiken garrantzia ere nabarmendu du: “Behar genuen euskal komikiaren plaza bat eta, hori da Hernanikomik. Hemen, euskal komikigileak ez gara kuota: nagusi gara”.