740 puntu bilduta, bigarren itzulirako txartela eskuratu du; azaroaren 28an kantatuko du Gasteizen.
1.800 bertsozale inguru elkartu ziren larunbatean Eibarko Ipurua kiroldegian, sarrera guztiak agortuta, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen lehen itzuliko bigarren saioa jarraitzeko. Nerea Ibarzabal izan zen garaile; gainerako bost bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute hurrengo itzulira sailkatzeko aukera.
Igotz Alkorta Irastorza gai-emailearen gidaritzapean aritu ziren Alaia Martin Etxebeste, Oihana Iguaran Barandiaran, Nerea Ibarzabal Salegi, Miren Artetxe Sarasola, Asier Azpiroz Iztueta eta Nerea Elustondo Plazaola.
Ibarzabalen atzetik, Alaia Martin sailkatu zen bigarren, 722 punturekin, eta Miren Artetxe hirugarren, 713,5ekin. Ondoren geratu ziren Oihana Iguaran, 701,5 punturekin; Nerea Elustondo, 696rekin; eta Asier Azpiroz, 642,5ekin.
Zazpi epailek baloratu zituzten bertsolarien lanak: Ainhoa Arregi Elosuak, Ander Arrien Aspiazuk, Egoitz Iradier Martinez de Albenizek, Estitxu Agirre Agirrek, Karlos Ibarguren Olaldek, Lur Renteria Maletak eta Mikel Beaumont Arizaletak. Idazkari lanak Itxaro Juaristi Olaetxeak eta Miren Itziar Basterretxea Olarreagak egin zituzten.
Hurrengo saioa
Finalaurrekoen lehen itzuliak azaroaren 7an izango du hurrengo hitzordua, Gernika-Lumoko Jai-Alai pilotalekuan, 17:00etan. Sei bertsolari ariko dira kantuan: Agin Laburu Rezola, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Mendiluze Gonzalez, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola eta Joanes Illarregi Marzol.
Saio horretarako sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian.