(argazkia: Baga Biga)

Eider Saezek ‘Sorginkeria’ hirugarren diskoa argitaratu du, pop elektroniko eta urbanoaren bidetik

Sorginaren figura, emakumeen arteko jakinduriaren transmisioa eta espiritualtasuna dira lan berriaren osagaiak. Hamar abestitan, sintetizadoreak, baxu sakonak eta erritmo dantzagarriak uztartu ditu Lazkaoko musikariak.

Eider Saez kantariak (Lazkao, 1998) Sorginkeria estudioko hirugarren disko luzea aurkeztu du. Lan berrian pop elektroniko eta urbanoaren eremura egin du jauzia, sintetizadore ilun eta atmosferikoak, baxu sakonak, erritmo dantzagarriak eta melodia itsaskorrak uztartuz. Sustraia, espiritualtasuna eta gaur egungo soinua elkartzen dituen proposamena da.

Sorginaren figura da diskoaren abiapuntua. Naturaren zikloak ulertzen zituzten, sendatzeko ahalmena zuten eta jakinduria zein intuizioa elkarri transmititzen zioten emakumeak ekartzen ditu gogora. Botere patriarkalak deabrututako irudi hori berreskuratu du Saezek, bere inguruko emakumeen, bereziki amaren eta amonaren, bidez. Sorginkeria ez du dogma edo magia ilun gisa aurkezten, barne-munduarekin, energiarekin eta ikusezinarekin konektatzeko ahalmen gisa baizik.

Hamar kantuk osatzen dute diskoa. Zenbat udaberri abestiak itxaroten jakitearen eta prozesuak errespetatzearen garrantzia lantzen du; Betirako delak eguneroko une txikiak baloratzera gonbidatzen du, eta Denbora guzti hontan kantuan reggaeton erritmoak eta pop melodiak uztartu ditu. Zurekin Mr. Lukenekin egindako elkarlana da, eta Ilari amonari eskainitako abestia, emakumeen intuizioaren eta barne-indarraren belaunaldien arteko transmisioari buruzkoa. Agur esateak, berriz, agurrak alaitasunez eta esperantzaz bizitzea proposatzen du.

Sorginkeria kantak ematen dio izena diskoari, eta lanaren kontzeptuaren eta soinuaren ardatza da. Gauak sekretu bat dauka interludioak diskoaren zubi esperimentala osatzen du, eta Ikusten duguna ez da dagoen guztia piezak ematen dio amaiera. Egun guztiak abestian, berriz, elektronikatik aldendu eta bere aurreko musika-ibilbideari keinu egiten dio Saezek.

Sorginkeria diskoa 2025eko bigarren seihilekoan eta 2026an grabatu dute, Fikako Gaua estudioan eta Oiartzunen. Iker Villa arduratu da ahotsen grabaketaz eta ekoizpenaz, eta Ander Goenaga Txusok abestien ekoizpena landu du Saezekin batera. Zenbat udaberri kantuan Danel Otegui Telleriak ere parte hartu du ekoizpenean.

Kantu guztiak Saezek sortu ditu, Zurekin Mr. Lukenekin elkarlanean, eta Gauak sekretu bat dauka kantuko hitzak eta melodia Mikel Tapiarenak dira. Zuzeneko taldean Manex Rivela (bateria eta sintetizadoreak), Aitor Amilibia (gitarra) eta Julen Sagarna (baxua) ditu lagun.

Zabaldu:

Utzi erantzuna