(argazkiak: Erein argitaletxea eta Kultur Sharea)

Erein, 50 urte euskal literaturaren eta liburugintzaren bidelagun

Erein argitaletxeak mende erdiko ibilbidea ospatu du Donostiako Tabakaleran, euskal kulturaren eta liburugintzaren sektoreko 170 lagun inguru bilduta. Liburuen sorkuntzan eta hedapenean parte hartzen duten profesionalen lana aitortu dute ekitaldian, eta 2027ko udaberrirako 30 egileren ipuin-bilduma iragarri dute.

Berrogeita hamar urte etengabe ereiten. Elkarrekin eta elkarlanean lelopean, Erein argitaletxeak bere ibilbidean parte hartu duten pertsona eta eragileak omendu ditu Tabakaleran egin duen ekitaldian. Idazleak, ilustratzaileak, itzultzaileak, editoreak, zuzentzaileak, maketatzaileak, liburu-saltzaileak, liburuzainak, inprentako langileak, banatzaileak, komunikabideak eta irakurleak izan dituzte gogoan. Liburu baten atzean dagoen elkarlan-sarea erakustea izan da ospakizunaren ardatzetako bat, lehen ideia sortzen denetik liburua irakurleen eskuetara iritsi arte.

Ainhoa Vitoriak aurkeztutako ekitaldia hainbat kapitulutan banatu dute, liburu baten egiturari keinu eginez. Hastapenak izeneko atalean, Jexuxmari Mujika Ereingo Administrazio Kontseiluko lehendakariak eta Julen Lizundia argitaletxearen sortzaileetako batek lehen urteetako ibilbidea izan dute hizpide.

Ondoren, Lehen hitza atalean, Uxue Razquin editoreak eta Itxaso Martin idazleak beren esperientziak partekatu dituzte, sormenaren abiapuntuaz, idazketa-prozesuaz eta editoreak testu baten garapenean duen zereginaz hitz eginez.

Esti Markez musikariaren emanaldiak tarte artistikoa eskaini du. Musikak eta hitzek duten harremana izan da une horren ardatzetako bat. Halaber, Esku askoren artean atalean, liburu baten ekoizpen-katean esku hartzen duten lanbideak erakutsi dituzte bideo baten bidez.

Hogeita hamar egileren ipuin-bilduma, 2027rako

Etorkizunari begira, Ereinek 2027ko udaberrian argitaratuko duen ipuin-bilduma berezia iragarri du. Hogeita hamar egilek parte hartuko dute, bakoitzak kontakizun labur batekin. Gari Arzallus argitaletxeko kudeatzaileak azaldu duenez, bildumak argitaletxearen ibilbidean parte hartu duten sortzaileen lana islatu nahi du.

Ekitaldian, Lore Iturralde irakurlearen parte-hartzearekin eta Esti Markezen musikarekin, bilduma horretako kontakizun baten pasartea eraman dute oholtzara.

Ospakizunean Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta Jon Insausti Donostiako alkateak ere parte hartu dute, besteak beste.

Mende erdiko ibilbidea ospatzearekin batera, Ereinek datozen urteetan liburuak sortzen eta partekatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.

Zabaldu:

Utzi erantzuna