Peiremans+ taldeak ‘Durangoko Palentinoan’ abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu

Durangoko Azokak irauten duen egunetan, Landako itxi ondoren, kultur eragileen topagune bihurtzen den ostatuan grabatu dute bideoklipa. Taldeak azaroaren 19an plazaratuko du EP berria.

Peiremans+ taldeak Durangoko Palentinoan kaleratu du, hirugarren diskoaren aurrerapen-kanta. Gorka Urbizuk idatzi eta konposatutako abestiak Durangoko Azokarekin lotura estua duen ostatu bat du hizpide: Centro Palentino Leones, lagun artean Palentinoa izenez ezaguna.

Azokak irauten duen egunetan, Landakoko ateak itxi ondoren, idazleak, musikariak, zaleak eta bestelako kultur eragileak bertan elkartu ohi dira. Topaketa horiek ditu hizpide kantuak, taldeak dion bezala, “elkar agurtzeko eta… egurtzeko”. Abestiaren hitzetan, idazleak, musikariak, poetak eta kulturaren inguruko bestelako pertsonaiak aipatzen dituzte.

Kantuarekin batera argitaratutako bideoklipa urriaren 19an grabatu zuten Palentinoan bertan. Arrigurik zuzendu du, Anje Arlanzonek egin du muntaia eta Labie arduratu da ekoizpenaz. Ander Urrosolo izan da argazki-zuzendaria, Martin Loizate ekoizpen-burua eta Amets Aranguren ekoizpen eta zuzendaritza laguntzailea.

Musikari dagokionez, Urbizuk ahotsa, gitarra eta baxua jarri ditu; Imanol Ubedak gitarrak jo ditu, eta Haritz Beristain Txiki arduratu da bateriaz. Abestia 2026ko uztailean grabatu zuten Paco Locoren estudioan, Puerto de Santa Marian (Kadiz), Only In Dreamsen ekoizpenarekin. Jordi Morak egin du nahasketa, eta Victor Garciak masterizazioa.

Taldeak azaroaren 19an emango ditu EP berriari buruzko xehetasun gehiago.

Zabaldu:

Utzi erantzuna