(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Aitor Mendiluze nagusitu da Gernika-Lumoko finalaurrekoan

713 puntu eskuratuta, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bigarren itzulirako sailkatu da. Azaroaren 21ean Donostian kantatuko du, eta gainerako bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute aurrera egiteko aukera.

Aitor Mendiluzek irabazi du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen itzuliko hirugarren finalaurrekoa larunbatean Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Sarrera guztiak agortuta, 1.600 bertsozale inguru elkartu ziren saioa jarraitzeko.

Mendiluzek 713 puntu bildu zituen, eta sei puntuko aldea atera zien bigarren postuan berdinduta geratu ziren Aner Peritzi eta Joanes Illarregiri, biek 707 puntu eskuratuta. Ane Labaka izan zen laugarren, 703,5 punturekin; Aitor Bizkarra bosgarren, 694rekin; eta Agin Laburu seigarren, 687rekin.

Irabazleak zuzenean eskuratu du finalaurrekoen bigarren itzulirako txartela, eta azaroaren 21ean Donostian ariko da kantuan. Gainerako bost bertsolarien sailkapena lehen itzuliko puntuazioen araberakoa izango da.

Igor MeƱika aritu zen gai-emaile lanetan. Zazpi epailek osatu zuten epaimahaia: Ainhoa Arregik, Ander Arrienek, Egoitz Iradierrek, Estitxu Agirrek, Karlos Ibargurenek, Lur Renteriak eta Mikel Beaumontek. Idazkari lanetan, berriz, Itxaro Juaristi eta Miren Itziar Basterretxea aritu ziren.

Lehen itzuliko azken saioa, Miarritzen

Finalaurrekoen lehen itzulia azaroaren 14an amaituko da, Miarritzeko Jai Alain, 17:00etan hasita. Andoni Rekondo, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena, Oier Etxeberria eta Sustrai Colina ariko dira kantuan.

Saio horren ostean jakingo da zeintzuk izango diren finalaurrekoen bigarren itzulian kantatuko duten bertsolariak, baita, hiru saioen osaerak zeintzuk izango diren ere. Miarritzeko sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian.

Zabaldu:

Utzi erantzuna