ELA eta LAB sindikatuek eta Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako elkarretaratzean, euskararen ofizialtasuna babesteko arkitektura juridiko berria eskatu dute.
Jende ugari bildu da Bilboko Foru Jauregiaren aurrean, ELAk, LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako elkarretaratzean, Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat lelopean. Mobilizazioaren bidez, euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatu dute, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Bizkaiko Foru Aldundiaren GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen lan-deialdi bat bertan behera uzteko erabakia berretsi ondoren. Ebazpenaren arabera, euskara-eskakizuna “gehiegizkoa” da.
Elkarretaratzean irakurritako adierazpen bateratuan, hiru erakundeek salatu dute “sententziaz sententzia euskararen ofizialtasuna bera deseraikitzen ari” dela botere judiziala. Gogorarazi dutenez, GUFEren aurkako jatorrizko epaiak berak jasotzen du euskaraz artatua izatea eskatzen duten herritarren herenari sistematikoki urratzen zaizkiola hizkuntza-eskubideak. “Are larriagoa da kasu honetan zaurgarritasun egoeran dauden herritarrez gabiltzala kontuan izanda”, adierazi dute.
Erakundeen esanetan, euskararen aldeko mobilizazioek eztabaida epaitegietatik Eusko Legebiltzarrera eramatea lortu zuten, baina bertan egindako lege-aldaketak ez ditu ase. “Zalantzak ditugu oldarraldiari erantzun eta atzeraldia gelditzeko aski izango den”, azaldu dute.
Horren aurrean, “euskarari behar duen arkitektura juridiko berria eskaintzea” ezinbestekoa dela aldarrikatu dute, “egungo hizkuntza eskakizunen paradigma gainditu eta langile publiko guztiek euskararen ezagutza izan dezatela bermatuko duena”.
Horretarako, administrazioa hamabost urtean euskalduntzeko hiru erakundeek elkarlanean egindako proposamena gogorarazi dute. Adierazpenean azaldu dutenez, datozen urteetan langile publikoen erdiak erretiroa hartuko du, eta “inoizko belaunaldi euskaldunduena letorke hauen lekua hartzera”.
“Euskararen aldeko borroka justizia sozialaren aldeko borroka da”, azpimarratu dute. Hizkuntza-larrialdiari aurre egiteko, “larrialditik indarraldirako jauzia emateko pizkunde berri bat eragin behar dugu”, aldarrikatu dute.