(argazkia: Teresa Laviña)

Getxoko kulturaren 14 eragile eta sortzaile omenduko dituzte Aixe Getxo! sarietan

Sarien hamaseigarren edizioak artearen, musikaren, literaturaren, ikerketaren eta bestelako kultura-esparruen inguruan egindako lana aitortuko du. Sari-banaketa gaur izango da, Muxikebarrin.

Getxoko kultur jarduerari lotutako 14 pertsona, kolektibo eta establezimenduren lana aitortuko dute gaur, azaroaren 10ean, Aixe Getxo! sarien hamaseigarren edizioan. Ekitaldia Muxikebarrin egingo da, 19:00etan, eta hainbat diziplinatan egindako ibilbideak eta ekarpenak sarituko dituzte.

Ikusizko eta ikus-entzunezko arteen kategorian, Teresa Laviña zinemagileak jasoko du saria, Romoko eta Areetako memoria historikoari buruzko dokumentalengatik. Arte plastikoetan, berriz, Olatz Otalora Landa artista bisuala omenduko dute, Artium Museoaren eta Tabakaleraren JAI bezalako proiektuetan parte hartu duena. Arte eszenikoetako aitortza Iñigo Iraultza Iru La Pez konpainiako sortzaile, aktore eta zuzendariarentzat izango da.

Musikaren esparruan, The Piper’s Irish Pub sarituko dute, Algortako zuzeneko musikaren topagune gisa egindako 25 urteko ibilbideagatik. Musika klasiko eta garaikidearen saria Andoni Martinez Barañano tenore getxoztarrak jasoko du, Teatro Realen eta Gran Teatre del Liceun aritutakoak.

Literaturaren kategorian, Federico Bilbao Solozabal poeta omenduko dute, dozena bat poema-liburu baino gehiago argitaratu dituen egilea. Diseinuaren saria, berriz, Charo Alvarez moda-diseinatzailearentzat izango da, Areetako tailerrean egiten duen artisau-lanagatik.

Arkitekturaren eta espazio publikoaren kategorian, SOiL Arquitectura del Paisaje estudioa sarituko dute, ingurumenaren lehengoratzean eta hiri-diseinuan egindako lanagatik. Gastronomiaren aitortza Algortako Iwasaki jatetxeak jasoko du, 2023az geroztik Michelin Gidaren Bib Gourmand bereizgarria duenak.

Hezkuntza eta balioetako kulturaren saria Zirri Marra Arte Tailerrari emango diote, bereziki GetxoArte Eskoletan proiektuaren bidez sorkuntza garaikidea ikastetxeetara hurbiltzeagatik. Zientzia-kulturaren eta berrikuntzaren kategorian, Maia Garcia Verginiony ikertzailea omenduko dute, fisika kuantikoaren eta material topologikoen arloan egindako nazioarteko ibilbideagatik.

Ondare kultural material eta immaterialaren saria Itxartu Taldeak jasoko du. Algortako elkarteak 50 urte beteko ditu aurten, euskal folklorea zaintzen eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen egindako lanarekin.

Aixe Getxo Gaztea saria Veronica Uribe-Echevarria biologo molekular eta biomedikoarentzat izango da. New Yorken zelulen birsorkuntzaren eta diabetesaren inguruko ikerketak egiten ditu, eta 2025ean Peter Sheehan Young Innovator Award saria jaso zuen.

Azkenik, ibilbide profesional eta artistikoaren saria Galdaretxe gozotegiari emango diote. Algortan 1970ean sortutako familia-enpresak 55 urte baino gehiago daramatza artisau-gozogintzan lanean.

Getxoko Udalak, Getxo Kulturaren bidez, sustatzen ditu sariak, udalerriko kultura-eragileen lana aitortzeko eta herritarren parte-hartzea bultzatzeko helburuarekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna