Rut Olabarrik haurtzaroko oroitzapenak berreskuratu ditu ‘Trukatua eta akastuna’ erakusketan

Bilboko Torrontegi hotelean gordetako objektuak eta artistaren sorkuntza-lanak uztartzen ditu erakusketak. Tolosako Topic zentroan dago ikusgai, martxoaren 7ra arte.

Hamarkadetan kutxetan gordeta egondako objektuek bizitza berria hartu dute Rut Olabarri artista bizkaitarraren Trukatua eta akastuna erakusketan. Bere haurtzaroko oroitzapenetatik abiatuta, artistak ehungintza, pintura, panpinak eta ikus-entzunezkoak uztartu ditu memoria, fantasia eta fikzioa ardatz dituen proposamen artistikoan.

Olabarri Bilboko Torrontegi hotelean hazi zen, bere birraitona-amonek sortutako establezimenduan. Urteetan zehar, amak bertako pieza eta tresna ugari bildu eta kutxetan gorde zituen. Orain, objektu horiek berreskuratu ditu artistak, bere bizitzako pasarteak berrikusteko eta haurtzaroko oroitzapenak sorkuntzaren bidez lantzeko.

Familiaren ondare horrekin batera, Olabarrik sortutako hainbat lan biltzen ditu erakusketak. Eszenatoki txikiz osatutako instalazioan, ehunez egindako figurek, panpinek eta bestelako elementuek artistaren bizitzako kontakizunaren zatiak irudikatzen dituzte. Txotxongiloen unibertsoak ere leku nabarmena du proposamenean: panpinak oroitzapenak eta istorioak adierazteko bitarteko bihurtzen dira, errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak lausotuz.

Olabarrik Eduardo Sourrouille artistarekin elkarlanean sortu du erakusketa. Sourrouillek Torrontegi hotelaren historia jasotzen duten argazkiak egin ditu, eta erakusketaren eszenografia lantzen ere parte hartu du. Horrela, objektuak, irudiak eta elementu artistikoak elkarren artean lotzen dituen instalazioa osatu dute.

Proposamena Bilboko Rekalde aretoan aurkeztu zen lehen aldiz iaz, eta orain Tolosako Topic zentrora iritsi da, bi erakundeen arteko elkarlanari esker. Erakusketa museoko anbiguan eta aldi baterako erakusketen aretoan dago ikusgai, martxoaren 7ra arte.

Zabaldu:

Utzi erantzuna