Iosune de Goñi (argazkia: Kultur Sharea)

[Bideoa] Islandiako paisaiak poemetara ekarri ditu Iosune de Goñik

2023an Islandiara egindako bidaia du abiapuntu Hutsak gure izena ahoskatu zuenean poema-liburuak, Susa argitaletxearen eskutik ikusi du argia.

Aurretik ezagutzen ez zituen hiru emakume artistarekin bidaiatu zuen Islandiara Iosune de Goñik. Han bizitakoak, bertako folklorea, mitoak eta kondairak elkartzen dira bere poema-liburu berrian, ekologiarekiko konpromisoarekin batera. Kultur Shareari azaldu dionez, gizakia naturatik bereizitako izakia ez dela erakustea dago lanaren erdigunean: “Naturaren parte garela”.

Ideia horrek liburuaren forman ere badu isla. Poemek ez dute izenbururik, ez du puntuazio-markarik erabiltzen eta testua jario bakar baten parte gisa idatzi du, poema luze bat balitz bezala. Hautu horrekin “horizontalitate bat lortzea eta gauza guztiak maila berean egotea” bilatu du.

Poesia espekulatiboaren esparruan kokatzen du lana De Goñik. Fantasiak eta magiak lekua dute bertan, baina bizipen erreal eta zehatzak ere badira oinarrian. Idazketa-prozesua bidaian bertan hasi zen; ondoren, Islandiako kultura, historia, geologia eta botanika ikertu zituen, tradizio literarioarekin elkarrizketan.

2023. eta 2024. urteen artean idatzi zuen liburua egileak. Argitalpena iritsi bitartean beste lan bat idatzi eta argitaratu duenez, berezia egin zaio testu honetara itzultzea. Editoreen laguntzarekin, edizio lanetanaurreko liburuetan baino esku gehiago sartu duela azaldu du.

Izenburuari dagokionez, “hutsaren deia” kontzeptutik dator, Islandian behin baino gehiagotan sentitu zuen sentsaziotik. Ideia horren bidez, lurraldeari agentzia eman nahi izan dio, natura gizakiak behatzen duen objektu pasiboa izan ez dadin. Norberaren nia desegiteaz eta inguratzen gaituzten izakiekin etengabeko hartu-emanean egoteaz ere hitz egiten du liburuan.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna