Resurreccion Maria Azkueren ibilbide oparoa ikusgai Bilboko Euskal Museoan

Lehen euskaltzainburuaren bizitza eta lana ezagutzeko aukera eskaintzen du erakusketak, dokumentu, objektu pertsonal eta grabazio historikoen bidez. 2027ko urtarrilaren 10era arte egongo da zabalik.

Hizkuntzalaria, musikaria, idazlea, kazetaria, etnografoa eta folklorista izan zen Resurreccion Maria Azkue, Euskaltzaindiaren lehen euskaltzainburua. Bere ibilbidearen askotariko alderdiak ezagutzeko aukera eskaintzen du Bilboko Euskal Museoko erakusketa berriak, argazkiak, dokumentuak, objektu pertsonalak eta ikus-entzunezko materialak uztartuta.

Esposizioa hamalau ataletan antolatuta dago, Azkueren bizitzako hainbat garai eta jarduera jasotzeko. Lekeitioko haurtzarotik eta gaztarotik abiatuta, euskara-katedra eskuratu zuen garaia, hiztegigintzan egindako lana, euskararekiko ikuspegi moderno eta urbanoa, Euskaltzaindian izandako jarduna eta gerraosteko urteak lantzen ditu, bere garaiko giroa islatzen duten xehetasunekin batera.

Erakusketan ikusgai dauden materialen artean, Azkuek berak Euskal Museoari utzitako hainbat objektu daude: erabiltzen zuen makila, gurutzea, tintontzi bat, elur-zapatak eta Lekeitioko San Pedro kofradiako atabaka, besteak beste. Euskaltzaindiaren Liburutegi eta Artxiboan gordetako dokumentuak eta liburuak ere bildu dituzte.

Horien artean dago Azkueren hiztegi hirueledunaren ale bat, Koldo Mitxelenak gerora Orotariko Euskal Hiztegia prestatzeko erabili zuena. Musikaren alorrean egindako lana ere ageri da, kantutegia osatzeko zirriborroen eta eskuizkribuen bidez. Material horiek erakusten dute nola jasotzen zituen kanta zaharrak, ondoren garbira pasatu eta musika modernoaren teknikekin harmonizatzeko.

Erakusketaren beste berezitasunetako bat Azkueren ahotsa entzuteko aukera da. Pantaila interaktibo batean, 1913an egindako grabazio bat entzun daiteke, baita hark harmonizatutako lau musika-pieza ere, tartean Txori erresiñula abestia.

Euskal Museoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute erakusketa, eta Bilboko museo berrituaren aldi baterako erakusketen aretoan egiten den lehena da. Edukiak euskaraz eta gaztelaniaz daude eskuragarri, baita frantsesez eta ingelesez ere, QR kodeen bidez. Bisitariek audio-gida deskargatzeko aukera ere badute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna