‘Langileen Donostia (1939-1975)’ liburuan, frankismo garaiko industrializazioak Donostialdean izandako eragin ekonomiko, sozial eta urbanistikoa aztertu du historialariak. Pasaiako badiaren inguruko industria-garapenari eta langile-auzoen sorrerari erreparatu die bereziki.
Kontxako badia, Belle Époque garaia eta turismoa izan dira Donostiaren historiaren kontakizun nagusietako batzuk. Baina irudi horren atzean bazegoen beste hiri bat ere, fabrikek, langile-auzoek eta industria-jarduerak eraldatutakoa. Donostia horren historia berreskuratu du Jon Aldabaldetreku Delgado historialariak Langileen Donostia (1939-1975). Periferia industrialaren garapena frankismo garaian liburuan, gaur Donostiako Udal Liburutegi Nagusian aurkeztu duen lanean.
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) argitaratu du liburua, Donostia Kulturaren babesarekin. Egileak frankismo garaian Donostialdean gertatutako aldaketa ekonomikoak, sozialak eta urbanistikoak aztertu ditu, hiriaren erdigunetik kanpo garatu zen industria-jarduera abiapuntu hartuta.
Ikerketaren ardatz nagusietako bat Pasaiako badiaren industrializazioa da. Aldabaldetrekuk aztertu du industria-garapen horrek eskualde osoan izan zuen eragina, bereziki migrazio-prozesuetan, langile-auzo berrien sorreran eta Donostiaren eragin-eremuaren eraldaketan. Era berean, industrializazioarekin lotutako desberdintasun sozial eta espazialei erreparatu die.
Lana osatzeko, biztanleria-erroldak, hirigintza-planak, artxibo historikoetako dokumentazioa eta bestelako iturriak erabili ditu historialariak. Liburuak ilustrazioak, mapak, grafikoak eta argazkiak ere biltzen ditu, aztertutako prozesuak azaltzeko.
Doktoretza-tesian oinarritutako ikerketa
Jon Aldabaldetreku Delgado Historia Garaikidean doktorea da EHUn, eta unibertsitate bereko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasle eta ikertzailea. Hiri-historia eta mundu garaikideko kultura politikoak ikerketa-taldeko kidea da.
Bere ikerketa-ildoen artean daude industrializazioak eragindako migrazioak, lan-munduko aldaketak, langile-mugimendua, protesta soziala eta hiriguneetako segregazio sozial eta urbanistikoa. Gai horiei buruzko hainbat artikulu zientifiko, liburu-kapitulu eta dibulgazio-lan argitaratu ditu. Langileen Donostia (1939-1975) bere doktoretza-tesian oinarritutako lanaren moldaketa da.
Liburua dagoeneko salgai dago liburu-dendetan, 28 euroan. Laster Donostiako udal liburutegietan ere eskuragarri egongo da maileguan.