Ikuskizunetako teknikariek bi greba-egun deitu dituzte Hego Euskal Herri osoan

Azaroaren 26an eta 27an egingo dituzte lanuzteak, sektoreko lan-baldintzak arautzea eta kontziliazioa hobetzea eskatzeko. Sindikatuek patronalen jarrera salatu dute, eta antolatzaileei ekitaldiak bertan behera uzteko deia egin diete.

Hego Euskal Herriko ikuskizun eta ekitaldietako langileek bi greba-egun deitu dituzte azaroaren 26rako eta 27rako. TEKNIKARIOK, LAB, ESK, ELA, CCOO, UGT eta CNT sindikatuek egin dute deialdia, sektoreko lan-baldintzak arautzea, kontziliazioa hobetzea eta lan-hitzarmenak adostea eskatzeko. Lanuzteek kontzertuetan, ikuskizunetan, kongresuetan eta bestelako ekitaldietan eragitea aurreikusten dute deitzaileek.

Sindikatuen arabera, sektoreko negoziazioak blokeatuta daude, bai Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, eta Nafarroan. Bi negoziazio-mahai daude eratuta, baina EUKI patronalak EAEn eta AESTANek Nafarroan elkarrizketak oztopatzen dituztela salatu dute. Haien esanetan, enpresek sektorearen arautze falta baliatu dute langileen eskubideak urratzeko.

Lan-baldintzak hobetzeko eskaeren artean, kontziliazioarekin eta laneko malgutasunarekin lotutako neurriak nabarmendu dituzte. “Ezin dugu jarraitu enpresa baten beharren menpe egoten egun osoz”, adierazi dute komunikatuan.

Udako mobilizazioei ere egin diete erreferentzia. Gasteizko, Donostiako eta Bilboko jaietan hiru greba-egun egin zituzten, eta deialdiek arrakasta handia izan zutela azaldu dute. Ordutik, EUDELekin, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Lan sailekin eta beste hainbat eragile sozialekin bildu dira, negoziazioak desblokeatzeko asmoz.

Azken orduetan, greba-deialdiaren berri emateko prentsaurrekoa iragarri ondoren, EUKI sindikatuekin harremanetan jarri dela jakinarazi dute. Jarrera-aldaketa aitortu duten arren, patronalaren proposamenak oraindik ez dituela eskatutako konpromisoak betetzen adierazi dute. Horregatik, mobilizazio-egutegiari eutsiko diote.

Sindikatu deitzaileek langileei ez ezik, publikoari eta kultur sektoreko eragileei ere eskatu diete grebarekin bat egiteko. Ikusleei azaroaren 26an eta 27an antolatutako ikuskizun eta ekitaldietara ez joateko deia egin diete. Antolatzaileei, musika taldeei eta sustatzaileei, berriz, egun horietarako programatutako jarduerak bertan behera uzteko eskatu diete.

Zabaldu:

Utzi erantzuna