UEUk antolatutako lehiaketa honek euskarazko ikerketa eta dibulgazio zientifikoa sustatzea du helburu. Parte-hartzaileek idatziz edo bideoz azaldu beharko dituzte beren lanak, eta bi sari banatuko dituzte, bakoitza 400 eurokoa.
Ikerketa-lanak sare sozialetan eta euskaraz ezagutarazteko aukera izango dute bihar, azaroaren 18an, Txiotesia lehiaketako parte-hartzaileek. Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatutako egitasmoaren zortzigarren edizioa izango da, eta ikertzaile gazteen lanak gizarteratzea, haien arteko sarea sendotzea eta euskarazko produkzio zientifikoa sustatzea ditu helburu.
Lehiaketan 2023tik 2026ra bitartean doktoretza-tesia aurkeztu duten ikertzaileek parte har dezakete, baita gaur egun tesia egiten ari direnek ere. Ikerketa edozein hizkuntzatan egina izan daiteke, baina lehiaketako azalpena euskaraz aurkeztu beharko da.
Parte-hartzaileek bi modalitateren artean aukeratu beharko dute. Idatzizkoan, gehienez 1.500 karakteretan azaldu beharko dute ikerketa, #txiotesia8 traola erabiliz. Ikus-entzunezko modalitatean, berriz, minutu eta erdiko bideo bakarra aurkeztu beharko dute, eta ikertzailea bera agertu beharko da azalpenak ematen.
Bi kasuetan, tesiaren izenburua hasieran aipatu beharko dute, eta amaieran ikerketaren emaitza edo ondorioa azaldu. Oraindik hasi berriak diren ikerketen kasuan, planteatutako hipotesia aurkeztu ahal izango dute.
Lehiaketa egun bakarrean egingo da, 08:00etatik 20:00etara. Lanak Artizarra, Mastodon, Instagram, Bluesky edo Linkedin sare sozialen bidez zabaldu beharko dira. Parte hartzeko, kontu publikoa izatea, aukeratutako sarean UEUren kontuari jarraitzea eta izen-emate galdetegia betetzea derrigorrezkoa izango da.
Bi sari, bakoitza 400 eurokoa
Epaimahaiak bi lan sarituko ditu: idatzizko txiotesirik onena eta ikus-entzunezko txiotesirik onena. Irabazle bakoitzak 400 euro jasoko ditu.
Xabier Landabidea Urresti UEUko Komunikazio Saileko sailburuak eta Irati Mendia Garcia Ingeniaritza Aplikatuan doktoreak osatuko dute epaimahaia.
Irabazleen izenak abenduaren 9an jakinaraziko dituzte.