Joseba Irazoki eta Lagunak Zu al zara diskoa aurkezten ari diren bitartean, Berako musikariak Ez-Nostalgia dakar, bere ibilbide oparoan konposaturiko hamabi pieza instrumentalez osatutako lana. 300 aleko edizio mugatua da disko berria.
Jakin-mina bere baitan errotua duen joera askotariko gitarrista polifazetikoa da Irazoki, konposizioan ez ezik inprobisazioaren munduan ere gogo biziz barneratzen dena. Kantatzeaz gainera, hainbat soinuren efektuak eta programazioak maneiatzen ditu, eta gitarrei, harmonikari eta bonboari hitz eginarazten die. Bere helburua erritmo eta soinuen anabasa neurtu bat sortzea da eta folka, bluesa, psikodelia eta tresnen esperimentazioa.