(argazkia: Erein)

[BIDEOA] Gaizkiari buruz hausnarketa bat egin du Karlos Linazasorok bere azken ipuin bilduman

Idazleak hamazortzi narrazio laburrez osatu du Hik ez dakik zer den beldurra izeneko liburua. “Gidoi modukoak dira ipuinak, labur-laburrak, biluziak, apaingarririk gabeak…”.

Izenburuak adierazten duen bezala, beldurraren inguruko liburua ondu du Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962) idazleak. Gaizkiari buruz hausnarketa bat egitea izan da bere asmoa lan berri honekin, izan ere, handia da liburuak biltzen dituen ipuinen tentsio psikologikoa, “eta ez apalagoa irakurlearengan sortutako deserosotasuna”. Irakurleari ezinegona sortzen dioten galderak eta hausnarketak egiten dira lan berri honetan. “Esaten da denok daramagula barruan munstro bat, denok garela min egiteko kapaz”, azaldu du idazleak. “Liburuan gertatzen diren gauza batzuk nik asmatuak dira, eta beste batzuk benetan gertatu dira, eta gero, nik moldatu ditut”. Guzti horri buruz hausnartu nahi izan du Linazasorok eta liburu honekin irakurlea ispiluaren aurrean jartzen saiatu da, “esan dezala, nik muturreko egoera horretan zer egingo nuke? Berdin jokatuko nuke, edo ez?

Hamazortzi ipuin laburrez osatu du Hik ez dakik zer den beldurra (Erein), “gidoi modukoak dira, labur-laburrak, biluziak, apaingarririk gabeak…” idazleak azaldu duenez mezua da garrantzitsuena, deskripziorik gabea.

Narrazio bakoitzean poema bat ere ageri da, “batzuetan ipuinaren aurretik sortu da poema, eta beste batzuetan, alderantziz, poema bat irakurri eta hortik sortu da ipuina”.

(Bideoa: Erein)

Zabaldu: