Nafarroako Artxibo Nagusiak Txotxongistoria zikloa abiatuko du abenduaren 23an Iruñean

Ventura Ruizek zuzendutako Toda erregina lanarekin emango diote hasiera Txotxongistoria zikloari.

Nafarroako Artxibo Nagusiak Txotxongistoria zikloa abiatuko du Gabonetan, Iruñean. Bertan, pertsonaia eta gertaera historiko aipagarrienetako batzuen istorioak ezagutaraziko dituzte. Toda Erregina izango da aurtengo ziklo honen protagonista. Toda erregina eta bere gortea Kordobako hirirantz ikuskizuna Ventura Ruizek idatzi eta zuzendu du, Artxibo Nagusiak bultzatuta. Bertan, Arantza Ezkurdia, Silvia Iriarte eta Rosa Nagore antzezleek ere parte hartzen dute Ruizekin batera.

Antzezlan honetan, Toda erreginak, bere biloba Antso Krasok Leongo Erresumako tronuan jarrai zezan, egindako azpijokoak ikusi ahal izango ditu publikoak. Horretarako, Kordoba hirira abiatuko da. Obra abenduaren 23an, 26an eta 27an taularatuko da.

Ziklo honen bidez, Nafarroako historiako pertsonaia garrantzitsuek izandako bizipenak eta emozioak helarazi nahi dizkiete gaztetxoei. Horretaz gain, Nafarroako Erresuma zaharraren bilakaera historikoarekiko interesa piztu nahi dute.

Zikloa Nafarroako Artxibo Nagusiak bultzatzen duen Musika eta Arte Eszenikoen Artxiboaren programa zabaltzeko jardueren barruan dago.

Gonbidapenak gaurtik aurrera

Emanaldiak Nafarroako Artxibo Nagusiaren ekitaldi aretoan eskainiko dira 11:00etan, euskaraz. Saio bakoitzak ordu erdiko iraupena izango du.

Sarrera doakoa izango da toki guztiak bete arte. Aurretik gonbidapenak jaso beharko dira (pertsona bakoitzeko lau, gehienez), gaurtik aurrera, Iruñeko Artxibategian bertan.

Zabaldu: