Gipuzkoako Artxibo Orokorra (Tolosa)

Familiaren zuhaitz genealogikoa online berreraikitzeko aukera

Gipuzkoako Artxibo Atariak 715.000 erreferentzia eta 1.680.000 irudi eta dokumentu baino gehiago ditu.

Gipuzkoako artxiboen webguneek Gipuzkoa eta bertako biztanleen historiaren parte oso garrantzitsu bat ezagutzeko aukera ematen dute. Izan ere, sarean kontsulta daitezke, alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren mende dauden artxibo historikoak: Gipuzkoako Artxibo Orokorra (Tolosa) eta Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa (Oñati), eta bestetik, udal artxiboak, eliza-artxiboak, eta hainbat artxibo pribatu ere. Gainera, informazioa zabaltzeko ekintzak azkartu dituzte, bilatzaile-atariak milaka dokumentu-erreferentzia berriz hornituz eta milaka irudi berri gehituz.

Foru artxiboek esaterako, Gipuzkoako artxiboetako orrialdeetan murgiltzeko gonbita egiten dute, familia bakoitzaren zuhaitz genealogikoa berreraikitzeko xedearekin. Berreraikitze hori egitea ahalbidetzen duen informazioa lurraldeko artxibo ezberdinetan gordeta dago. “Duela urte batzuk, leku batetik bestera mugitzea eta dokumentuak ordutegi jakin batean kontsultatzea beharrezkoa zen. Teknologia berriei esker, berriz, artxibo asko zabalik daude”.

“Gure jatorria ezagutzea, gure genealogia egitea eta gure familiei buruz ikertzea, gure artxiboetan dagoeneko tradizioa duen jarduera bat da. Gai horiekin interesatuta dagoen jende asko dago”, adierazi du Gipuzkoako Kultura diputatu Harkaitz Millanek. Interes horren eta eskari horren jakitun, Gipuzkoako Artxibo Orokorrak F. Borja Aginagaldek idatzitako Gipuzkoan familiak berreraikitzeko gida (XV-XIX) liburua argitaratu zuen.

Gure familiari buruzko ikerketa bat abiatu ahal izateko 1900 baino lehen jaiotako gure arbasoen izena ezagutzea da abiapuntua. Informazio horrekin, datu osoak aurki ditzakegu arbaso horien sakramentu, bataio, ezkontza edo heriotza liburuetan (beti 1900 baino lehenagokoak), Donostiako Elizbarrutiaren artxiboko bilaketa-atarian. Gomendagarria da Sakramentu Liburuen Indizazio Arauak irakurtzea.

Baina, familia Gipuzkoakoa, Bizkaikoa edo Arabakoa baldin bada, edo lurralde horietan bizi izan bada, Eusko Jaurlaritzako artxiboen ataria kontsultatzea gomendatzen da.

Atari horietan, gure arbasoak identifika ditzakegu, haien abizenak, gurasoen izenak, eta, jaio, ezkondu edo hil ziren herriak.
Arbasoak identifikatu ondoren, jauzi bat eman dezakegu, eta haien jarduera publikoak edo pribatuak ezagutu ditzakegu, haien bizitza, azken batean.

Bi artxiboetan aurki daitezke arbasoek emandako notario eskriturak (1919ra arte), testamentuak, salerosketak, ezkontza-kontratuak, lan kontratuak, ondasunen eta herentzien inbentarioak, lagapenak, etab, eta orain badauzkaten edo inoiz eduki zituzten jakin daiteke.

Familiaren baserriari buruzko datuak bilatu nahi izanez gero, notario funtsez gain, hipoteka-ofizioak, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan eskura daude. Datu horiek aurkitzen ez badira baina, notario protokoloetako aurkibideetan aurkitu daitezke, denak digitalizatuta baitaude.

Baina, gure familien eguneroko beste alderdi batzuk ezagutzeko beste iturri interesgarri batzuk auziak dira, Gipuzkoako Artxibo Orokorrean gordetzen direnak: herentziak, kontratuak ez betetzea, zorrak, irainak, lapurretak, eta estuproak, besteak beste, XVI. mendetik XIX. mendera bitartekoak. Kasu batzuetan, auziek jarraitu egiten zuten Valladolideko Errege Auzitegian eta Kantzelaritzan. Informazio hori eskuragarri dago hemen.

Informazio hori guztia osatzeko, foru artxiboetan eta udal artxiboetan gordeta dauden kaparetasun espedienteak erabil daitezke.

Gaur egun, testu eta argazki dokumentuen 715.000 erreferentzia eta 1.680.000 irudi baino gehiago kontsulta daitezke Gipuzkoako Artxibo Atarian, nahiz eta oraindik lan handia dagoen aurretik egiteko.

Udal artxiboak ere oso iturri garrantzitsuak dira gipuzkoarren eguneroko bizimodua ezagutzeko. Gipuzkoako udal artxibo askok eta zenbait artxibo pribatuk Eusko Jaurlaritzako Dokuklik  atariaren bidez zabaltzen dute beren informazioa, eta are gehiago, Gipuzkoako udal artxibo askok, hala nola Bergara, Eibar, Irun edo Donostiakoek, kontsultarako guneak ere badituzte.

Zabaldu: