[Bideoa] Oihane Amantegik ‘Ibaiertzeko ipuina’ bere lehenengo eleberria kaleratu du

Heriotza zortzi urteko haur baten begietatik kontatu du idazleak.

Amerikako Estatu Batuetako hegoaldean, Ochlockonee ibaiertzean, kokatu du Oihane Amantegi (Zornotza, 1985) idazle eta antropologoak Ibaiertzeko ipuina (Elkar) bere estreineko eleberria, “zehazten ez den garai ia mitiko batean”. Bertan eztia biltzen duten nekazari zuri pobreak eta ibaian bainatzen diren andre beltz mardulak bizi dira, eta horien artean haurrak ere badira, “gai nagusia heriotza da”, azaldu du idazleak, heriotza mundua deskubritzen ari den zortzi urteko neskato baten begietatik kontatuta eta horrekin batera, haurraren inozentzia eta naturarekin duen harremana.

Liburuko protagonista ahizpa bikiarekin batera jaio behar zuen, baina bakarrik heldu zen mundura. Hala, lehen pertsona erabili du egileak bi denbora uztartuz sortu duen istorioa kontatzeko: alde batetik, zortzi urteko neskatoak orainaldian kontatzen duen zatia dugu, eta, bestetik, pertsona berak iraganean gertatutakoak ditugu.

Ehun orrialdera iristen den “nobela labur bat, edo ipuin luze bat” ondu duela dio Amantegik, hala ere, idazketa prozesua luze joan zaiola adierazi du eta hasiera batean eleberria luzeagoa zela kontatu du, “denborarekin gauza batzuk kimatzen joan naiz, eta liburutik jausi egin dira”. Zati guzti horiek biltzea erabaki du, izan ere, beste historia posible baten oinarria edo osagaia ere izan daitezkeela uste du.

Liburuaren azala bestalde, Irune Izquierdo diseinatzaileak egin du eta bere sortze prozesua bideo honetan jaso du.

Zabaldu: