Bilboko Arte Ederren Museoa herriz herri

Artearen Ibilbidea ekimenaren helburu nagusiak Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma bere aretoetatik haratago zabaltzen laguntzea eta herritarrak artera gerturatzea dira. Erakusketa ibiltari hau Bilboko Areatzan hasiko da, eta, geroago, Bizkaiko kostaldean zehar bidaiatuko du uda honetan.

Azken hilabeteetan itxialdian egon ondoren, pixkanaka, gizartea dagokion espazio publikoa berreskuratzen ari da. Kulturak eta arteak herritarrei laguntzeko lan egin dute etapa gogor honetan, eta susperraldi mailakatu horrekin bat egin nahi dute. Horri esker, gaurtik aurrera, ikusleek Artearen Ibilbidea ekimena ikusi ahal izango dute aire zabalean. Erakusketa ibiltari hori Bilboko Areatzan hasiko da, eta, geroago, Bizkaiko kostaldean zehar bidaiatuko du uda honetan. Ia lau hilabetez (ekainaren 16tik urriaren 4ra bitartean), erakusketak Bizkaiko kostaldeko hainbat herri zeharkatuko ditu, eta astebeteko egonaldia egingo du herri bakoitzean, Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako lanik onenen hautaketa bat ezagutarazteko.

Artearen Ibilbidea erakusketa ibiltaria da. Asmo didaktikoa du, eta funtsezko ibilbidea eskaintzen du museoaren bildumako 40 maisulanetan zehar; “kalitate handiko teknika erabiliz egindako erreprodukzioak dira, eta xehetasunen zehaztasun txundigarria eta kolorearen fideltasun handia lortzen dute”, adierazi dute Bilboko museoko arduradunek. Horrekin batera, 40 lanetatik 24k QR kodea izango dute, eta erakusketa bisitatzera hurbiltzen direnei aukera emango diete gailu mugikorrean iruzkinak dituzten audio fitxategiak doan deskargatzeko (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez). Gainera, sei lanek haurrentzako diseinatutako kontakizun bat izango dute, 5 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendua.

Ekimenaren helburu nagusia museoaren bilduma bere aretoetatik haratago zabaltzen laguntzea eta herritarrak artera gerturatzea da. Horrela, publikoak pinakotekaren ondare komun aberatsaz gozatu ahalko du eta bere garrantziaz jabetzeko aukera izango du, artearen historiako hainbat garai eta eskolatako artista handien obra seinalatuen bidez; gainera, teknologiari esker, haren ezagutzan sakondu ahal izango du.

Erreproduzitutako 40 obren hautaketan, XIII. mendetik XX. mendera artekoak, hurrengo artisten lanak daude: erromaniko anonimo katalana, Bartolome Bermejo, Jan Mandijn, Martin de Vos, Grekoa, Frans Pourbus, Orazio Gentileschi, Jose de Ribera, Francisco de Zurbaran, Anton van Dyck, Pieter Fransz de Grebber, Juan de Arellano, Bartolomé E. Murillo, Luis Paret, Francisco de Goya, Anselmo Guinea, Mary Cassatt, Paul Gauguin, Joaquin Sorolla, Dario de Regoyos, Adolfo Guiard, Ignacio Zuloaga, Jose Gutierrez Solana, Valentin de Zubiaurre, Aurelio Arteta, Juan de Echevarria, Robert Delaunay, Daniel Vazquez Diaz, Antonio de Guezala, Maria Blanchard, Nicolas de Lekuona, Jose Maria de Ucelay, Antoni Tapies, Francis Bacon, Agustin Ibarrola, Antonio Sistiaga, Balerdi, Vicente Ameztoy, Alfonso Gortazar eta Eduardo Arroyo.

Zabaldu: