Eleberria Victor aktorearen heriotzarekin hasten da, pertsonaia auto istripuz hiltzen da, pailazo sudurra jantzita eta, kasik 20 urte geroago, Ilehoriak detektibe emozional bat kontratatuko du heriotza hura ikertzeko.
Oier Guillan (Donostia, 1975) idazle eta antzerkigileak duela bi urte eman zuen argitara bere lehen nobela Zauri Bolodia (Txalaparta) izenpean; Susa argitaletxearekin argitaratu du orain bigarrena: VHS. “Eskuartean dugu VHS nobela! Neuk sinatzen badut ere, jende askoren talde-lanak egin du posible momentu hau. Birus beteko itxialdian bidelagun izan dut edizio prozesua, utopia posible bat eskainiz guztiak geldirik zirudienean”, adierazi du idazleak sare sozialen bitartez zabaldutako mezu batean.
Eleberria Victor aktorearen heriotzarekin hasten da, pertsonaia auto istripuz hiltzen da, pailazo sudurra jantzita eta, kasik 20 urte geroago, Ilehoriak detektibe emozional bat kontratatuko du heriotza hura ikertzeko.
Zauri Bolodia eleberriarekin bezala, oraingoan ere sailkatzeko zaila den lan bat osatu du Guillanek. Izan ere, nobela izan arren, antzerkitik eta saiakeratik ere badu liburuak. Artista baten formazio urteak, grinak, hausnarketak eta lagunak ezagutuko ditu irakurleak, ikerketa emozional bat medio.
“Tarteka orainaldian eta tarteka oroitzapen moduan helduko zaigu kontakizuna”, azaldu Leire Lopez Susako editoreak Donostian egin duten aurkezpenean, “Elkartasun basatia deitzen da Guillanen poema liburuetako bat eta lan honetan ere bada elkartasun basati horretarako tartea eta horretan eskuzabaltasuna dago, arauen haustura, memoriaren eraikuntza kolektiboa, hausnarketa politikoa eta bitala eta baita umorea eta absurdoa ere”.
Idoia Beratarbide marrazkilaria ere aipatu dute liburuaren aurkezpena, berea da, hain zuzen, liburuaren azala. Guillanen arabera, liburuaren “iluntasun argitsua oso ondo islatu du”.
Donostiarrak ibilbide luzea egina du literaturan eta antzerkigintzan. Denetara hamabi poesia liburu ondu ditu: Begi bien jauzia (1998) izan zen lehena Mikelazulorekin. Erloju lehorrak (2005, Bermingham), Eskuen sustraiak (2009, Susa), Elkartasun basatia (2013, Susa), eta Hura ez da lekua (Txalaparta, 2016) dira genero horretan idatzi dituen beste lanetako batzuk. Horretaz gain, Metrokoadroka kolektiboko kideak Munduko jakintsurik tontoena (2009, BarBada), Herio heroi (2010, Artezblai), Mr. Señora (2016, Txalaparta) eta Arra. Arraroa (2010, Artezblai) antzezlanak idatzi ditu.