Ganbila proiektuak euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu.
Susa argitaletxeak eta EHAZE Antzerkizale elkarteak Ganbila antzerki bildumako hiru liburu berri aurkeztu dituzte: Erika Olaizolaren (Kamikaz Kolektiboa) Panpina, Sarah Kaneren Zartatua eta 4.48 Psikosia eta Agurtzane Intxaurraga eta Arantxa Iturberen (Hika Teatroa) Bidaideak.
Oier Guillan idazle eta antzerkigileak koordinatzen du Ganbila proiektua eta euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu, unean uneko fokua obra edota hainbat obra eta ahotsetan jarriz. “Antzerkiak agertu ohi duen errealitatea, baina, deformatua da”.
Hala, Erika Olaizolaren Panpina jaso dute aurreneko liburuan. Antzezlan hau Olaizolaren imajinariotik, bulkadatik, adierazteko beharretik sortutako lan bat da. Baina, era berean, proiektu hau emaitza kolektiboa ere bada, hala oholtzan, nola liburuan. Irakurleak liburu honetan, Panpina antzezlaneko edukiez gain, batetik Olaizolak berak sormen prozesuari buruz idatzitako gogoetak topatuko ditu, eta, bestetik, han edo hemen bidaide izan dituen lagunek “panpina” kontzeptua buruan hartuta libururako idatzi dituzten ekarpenak.
2019ko udazkenean estreinatu zenetik, Panpina antzezlana emanalditik emanaldira hazten joan da. Publikoarekin berehalakoa izan da konexioa, eta gerora, Olaizolak emanaldiz emanaldi antzezlanaren energiaz jabetu ahala, gero eta ozenago egin du eztanda haren oholtza gaineko indarrak. Emanaldietara joaten denak berehala sumatuko du publikoaren konplizitatea, Erika Rooibos pertsonaia protagonistaren emakume gorputz autoironikotik bidaltzen dituen jendarte-zirtoekin aukera izango du barre egiteko, hausnartzeko, eta hunkitzeko.
Parte hartu dutenen artean daude Leire Arenas, Oier Guillan, Idoia Beratarbide, Javier Barandiaran, Ainara Ortega, Eneko Sagardoy, Itziar Ituño, Izaro Andres, Koldo Almandoz, Miren Amuriza, Edurne Mendizabal Tolosa eta Haizea Egiguren Iriarte.
Arantzazu Fernandezek euskaratu ditu Sarah Kaneren Zartatua eta 4.48 Psikosia antzezlanak. Gaiak ez dira batere samurrak, hizkuntza ez da gozoa eta sintaxia askotan bortxaturik azaltzen da. Lehenbiziko testuan, errealitatearen ankerkeriak neurriz kanpokoa dirudi eta, bigarrenean, anbiguotasuna eta iluntasuna, gaixotasun mental larriak ekartzen duen oinazean nagusitzen zaizkigu. Bi antzezlanetan umore zipriztinak eta ironia egon badaude ere, ez digute arintzen batek zein besteak helarazten diguten protagonisten egia gordina: abusuen eta bortizkeriaren katearen gainean zapuzten dela askoren bizitza, eta, sufrikarioarekin amaitzeko, heriotzak bakea ekarriko digulako ideia setatia.
Euskal literatura dramatikoen idazleen lanak publikoaren eskura ipintzearekin batera, nazioarteko azken dramaturgiaren berri zabaltzen saiatu dira Ganbila bildumatik. “Kanerena bezalako lanak euskarara ekarrita, bidenabar, bidea erraztu nahi diegu euskaratik oholtzara dramaturgia berrien bidetik egin nahi duten antzerki ikasle eta sortzaileei, mundu osoan eragina izan duten egileen antzezlanak euskaraz jasotzeko aukera bermatuz”.
Amaitzeko Agurtzane Intxaurraga eta Arantxa Iturberen Bidaideak dugu. “Intxaurraga eta Iturberen arteko elkarlana aitzindaria izan da, eta eredugarria”, diote Ganbila bildumako kideek. “Hika Teatroaren ibilbidearen barruan nolabaiteko ildo bat osatu du, eta zuzendariaren eta idazlearen arteko elkarlan eta dialogoaren isla da: nola baten imajinarioak elikatu dezakeen bestearena, nola bien artean sortzen den hirugarren espazio zabal bat”.
Liburu honetan jaso dituzten hiru obrekin aitortza egin nahi izan diote elkarlan honi: “esker ona adierazi oparitu dizkiguten obrengatik, eta lan horren berri belaunaldi berriei transmititu. Ai ama! (2002), Ixa (2003) eta Aitarekin bidaian (2010) lanek bi sortzaileen arteko elkarlana ezin hobeto islatzen duen triptikoa osatzen dute”.