[BIDEOA] Irene Aldasorok Sally Rooney irlandarraren ‘Jende normala’ eleberria euskaratu du

Munduan, eta amodioan, leku zehatz propiorik bilatu ez duten bi gazte dira protagonistak, baina hortxe dago eleberri honek dakarren paradigma berria, bi gazte horiek bizitza propio eta erakargarri bat eraikitzeko egin behar duten borrokaz hitz egiten du idazle irlandarrak.

Irene Aldasorok Sally Rooney idazle irlandarraren Jende normala eleberria euskaratu du Alberdania argitaletxearekin. Idazle andana bati jarri dio euskal ahotsa ibilbide luzeko itzultzaile honek; besteak beste, James Joyce, Henry James eta D.H. Lawrence, eta bitan eskuratu du Euskadi Itzulpen Saria: Joyceren Dublindarrak liburuarekin aurrenekoz, eta Emily Brontëren Gailur ekaiztsuak eleberriarekin bigarrenez.

Aldasorok eta Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak Donostian egin duten aurkezpenean, Jende normala eleberriaren xehetasun nagusiak aletu dituzte eta, era berean, haren arrakasta itzelaren arrazoietan barrena abiatu dira. The Guardian egunkarian jasotako iruzkin bat hartu dute abiapuntu gisa, “baliteke eleberri hau ez jardutea oraintxe gazte izateak esan nahi duenaz; hori baino gai hobea du: edozein garaitan gazte izatea eta maiteminduta egotea zer den. Biharko klasiko bat”.

“Zertan izan dezake, ordea, klasikotasuna, 27 urteko idazle batek sorturiko eleberri batek?”, itzultzailearen esanetan, maitasun historia bat kontatzeko modu berri baten proposamen sendoan datza klasikotasun horren euskarria. Izan ere, amodiozko istorio bat da Rooneyk Jende normala ontzeko erabili duena. Munduan, eta amodioan, leku zehatz propiorik bilatu ez duten bi gazte dira protagonistak, baina hortxe dago eleberri honek dakarren paradigma berria, bi gazte horiek bizitza propio eta erakargarri bat eraikitzeko egin behar duten borrokaz hitz egiten du idazle irlandarrak. Aldi berean, bere amodio suharraren bidea etengabe oztopatuko dieten gaizki ulertuez ere mintzo da.

Sexuaz eta emozioez ari da, besteak beste, eleberri hau, baita porrot emozionalaz ere, norberaren askatasunaz, elkarrenganako errespetuaz, bakardadeaz eta elkarrenganako grinaz.

Itzultzailearen arabera, Rooney harreman eredu berri bati buruz ari da, alegia, maitasunetik kanpo dagoen beste amodio moduko bati buruz.

“Proposamen ausarta, beraz, erabatekotasuna bilatzen duena eta zoriontasunaren giltzarriak eta gaur nonahi eskaintzen zaizkigun suzedaneoak bereizteko moduaz galdera zintzoak planteatzen dituena”, adierazi dute aurkezpenean. Eleberriaren agertokian, era berean, gaurko irlandar gizartea, Dublingoa batez ere, azalduko da, han-hemenka ageri diren mamuen aztarnekin batera, hala nola matxismoa, familia harreman ustelak…

Zabaldu: