Umeen begiradatik sortutako ‘Bañolet’ telesailak irabazi du Durangoko Azokako hirugarren sormen beka

Lau kapitulu izango dituen telesail honetan Nafarroa Behereko hainbat familiak parte hartuko dute. Umorea, absurdoa eta poesia izango dute oinarri.

Bañolet izeneko telesailak irabazi du Durangoko Azokako hirugarren sormen beka. Maia Iribarnek (Lasa, 1995) eta Paxkal Irigoyenek (Ainhize-Monjolose, 1988) lau kapitulu izango dituen telesaila sortuko dute, Nafarroa Behereko hainbat familiaren parte-hartzearekin. Euskarazko telesail horren osagai nagusiak umorea, absurdoa eta poesia izango dira, eta bere helburua identitateari buruzko gogoeta egitea izango da.

Gaur egin da sormen bekaren irabazleak iragartzeko prentsaurrekoa, Durangoko Zugaza Zinemetan. Bertan egon dira Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujika, Durangoko alkate Ima Garrastatxu eta epaimahaiaren izenean Amancay Gaztañaga. Bekaren zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da eta sortzaileek urtebete izango dute euren telesaila sortzeko, hau da, 2021. urteko Durangoko Azokan aurkeztu beharko dute. Mujikaren hitzetan, “datorren urteko Durangoko Azokara arte itxaron beharko dugu sormen bekaren emaitzaz bere osotasunean gozatu ahal izateko”.

Gaztañagak azaldu duenez, beka Bañolet proiektuari ematea erabaki dute “planteamendu berritzaile honek eragina izango duelako herri oso baten dinamikan”. Epaimahaiak ere kontuan hartu du telesailak haurren gogoetak izango dituela ardatz: jokoa, ilusioa, inozentzia… Halaber, formatuari ere erreparatu diote, “gaur egungo joeretan uztartzen delako”.

Iribarne eta Irigoyen oso pozik agertu dira beka jasotzeko aukerarekin. Azaldu dutenez, Telesaila “Nafarroa Behereko adin ezberdinetako biztanleekin eraman nahi dugun ikus-entzunezko proiektu parte-hartzailea da”. Umorea, absurdoa eta poesia nahastuko dituzte telesailean. “Identitatearekiko gogoeta bat proposatu nahi dugu: gizarte antolaketa berriak, hizkuntza eta nazio identitatea…”. Protagonista nagusiak haurrak izango dira, eta euren begirada izango da ikus-entzunezko lan honen oinarria.

Musika ere proiektu berri honen osagarri garrantzitsua izango da: “Kapitulu bakoitzean musikak gidatuko duen zati bat egongo da, kantuak, batukada erritmoak, herio-orkestrak… Musika guk sortuko dugu, eta ekintza eta gertakariak, koreografia bat bezala, erritmo berezi baten bidez lotuko dira, eguneroko gizarte koreografien gisara”.

Estetikari dagokionez, Bañolet “atlantiko kostaldeko itsas giro hotzean” grabatuko dute, irudi gordin eta kolorimetria berezi batekin. Lehenengo irudiak Eiheralarren grabatu dituzte.

Zabaldu: