Paul Bilbaok ohartarazi du gutunak hizkuntzen auzia eta hizkuntza-eskubideak alboratu dituela. “Ingurune digitala gure eguneroko bizitzan hartzen ari den garrantzia kontuan hartuta, beharrezkoa da eremu horietan herritarroi dagozkigun eskubideak zerrendatzea; halere, tamalez, eta beste behin, estatuak ez dio erreparatu hizkuntza-errealitateari”.
Estatu Espainiarreko Gobernuko Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak Eskubide Digitalen Gutuna egiteko prozesu parte-hartzaileari ekin zion joan den ekainaren 15ean. Udazkenean, berriz, kontsulta publikoa egiteko aukera zabaldu du, herritarrek eta erakundeek gutunari oharrak egiteko. Halaxe egin du Kontseiluak. Izan ere, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak ohartarazi du gutunak hizkuntzen auzia eta hizkuntza-eskubideak alboratu dituela. “Ingurune digitala gure eguneroko bizitzan hartzen ari den garrantzia kontuan hartuta, beharrezkoa da eremu horietan herritarroi dagozkigun eskubideak zerrendatzea; halere, tamalez, eta beste behin, estatuak ez dio erreparatu hizkuntza-errealitateari”.
Elhuyar taldearen eta PuntuEUS Fundazinoaren ekarpenetan oinarritu da Kontseilua gutunari bederatzi ekarpen zehatz egiteko. “Lehenik eta behin, Gobernuak gogoratu behar du badela kontuan hartu beharreko aro digitaleko hizkuntza-berdintasunari buruzko 2018ko irailaren 11ko Europako Parlamentuaren ebazpen bat, eta horri ere erreparatu behar diola. Izan ere, eskubide digitalak hizkuntza-eskubideak ere badira, eta, beraz, propio jaso behar ditu”, adierazi du Bilbaok.
Hain zuzen ere, hizkuntza-irizpideak kontuan hartzeko eskatzen dute Kontseiluaren ekarpenek, honako esparruetan: berdintasunerako eta diskriminazio-ezarako eskubidea ingurune digitalean, herritarrek bitarteko digitalen bidez parte hartzeko eskubidean; hezkuntza digitalerako eskubidean; herritarren eskubide digitalak administrazio publikoekiko harremanetan; garapen teknologikorako eta ingurune digital jasangarrirako eskubidean; ingurune digitalean osasuna babesteko eskubidean; eta, azkenik, adimen artifizialean.
Bestalde, Kontseiluak honako kexa egin dio Ministerioari: “Salagarria da eskubideak hizpide dituen prozesu batean dokumentazio guztia gaztelania hutsean argitaratzea, eta berezko hizkuntza ofizialetan gure ekarpenak bidali ahal izateko mekanismorik ez egotea”.
Gobernuko Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren esku utzi ditu oharrak Kontseiluak, eta Espainiako Gorteetan ordezkaritza duten euskal alderdiei ere helaraziko dizkie datozen asteotan, eskaerekin bat egin dezaten. “Iruditzen zaigu, gizarte eragileok ez ezik, alderdi politikoek ere defendatu behar dutela eskubide digitaletan hizkuntza-eskubidearen ikuspegia jasotzea”. Azkenik, galizieraren eta katalanaren aldeko gizarte eragileen babesa ere jaso du Kontseiluak.