(argazkia: Nafarroako Ikastolen Elkartea)

Nafarroako Ikastolen mugimenduak euskararen berreskurapenean izan duen eraginaz jarduten duen dokumentala aurkeztu du

Ikastolen sorrerak euskararen berreskuratze, transmisio, sustapen eta zabalkundean nola lagundu zuen erakutsi nahi izan dte, bai eta euskara garai hartan Nafarroan zein egoeretan zegoen ere, besteak beste.

Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) euskararen berreskurapenean, transmisioan, sustapenean eta zabalkundean ikastola mugimenduak izan duen eragina ezagutzeko testigantzak bildu ditu dokumental batean.

Azaldu dutenez, jasotako testigantzak “oso interesgarriak izan dira. Ikastolen sorrerak euskararen berreskuratze, transmisio, sustapen eta zabalkundean nola lagundu zuen erakutsi nahi izan dugu, bai eta euskara garai hartan Nafarroan zein egoeretan zegoen ere, besteak beste”.

Aitor Ortiz de Felipe arduratu da dokumentalaren ekoizpenaz, bai eta musika konponketez ere (mentecolmenta.org). Lantaldeak egindako ondare immaterialaren azterketan jasotako lekukotasunetatik abiatuta egin da, Nafarroako Ikastolen Elkartearen sustapenarekin eta Nafarroako Gobernuaren finantzaketarekin.

Dokumentalean parte hartu dute Carlos Garaikoetxeak (ikastolen sortzaile eta sustatzaile), Patxi Zabaletak (ikastolen sustatzaile eta Arturo Kanpion euskaltegiaren sortzaile), Arantzazu Amezagak (ikastolen sorreretan ama), Javier Yabenek (ikastolen sorreretan aita), Irene Lopez-Goñik (NIE), Marta Igoak (Nafarroa Oinez), Jemi Sorabillak (Paz de Ziganda Ikastola), Aitziber Etxaizek (Iñigo Aritza Ikastola) edo Luis Fernando Etxeberriak (Lizarra Ikastola). Hauetaz gain, Andres Iñigo (Euskaltzaindia), Paul Bilbao (Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua) edota Aitor Etxarte Berezibar (Udal Ikastolaren sortzaile eta sustatzaile eta Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari ohi, abenduan zendu zena) ere ageri dira.

NIE 1976an eratutako irabazi-asmorik gabeko bigarren mailako irakaskuntza-sozietate kooperatiboa da. Bere helburu nagusien artean, bere ekintzak euskarazko hezkuntza sustatzera bideratzea, bai eta euskararen babesa, sustapena eta ezagutza bultzatzea ere. NIErentzat, euskara, hizkuntza eta euskal kultura eta ohituren ahozko tresna gisa, Nafarroako ondare immaterial handienetako bat da. Eta, horren kontserbazioa eta etorkizuneko belaunaldiei transmisioa ziurtatzeko egiten du lan.

Proiektu honen bidez, NIEk Nafarroako gizartean euskara eta kultura bultzatzeko modu desberdinak ikusarazi nahi izan ditu, “gure ondare immaterial garrantzitsuena babesteko eta etorkizunean berauen erabilera eta balioak mantentzen jarraitzeko”.

Zabaldu: