Euskal emakume zinemagileei zuzendutako ekimena da, eta zinemaren sektorean duten presentzia eta ikusgarritasuna sustatzea du helburu. 35 proiektu aurkeztu dira, 2020an baino % 52 gehiago.
Tabakalerak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Sailak sustatutako programa da Noka Mentoring, euskal emakume zinemagileei zuzenduta, sortzen ari diren film luzeen proiektuak tutorizatu eta laguntzeko sortua. Hirugarren edizio honetan, Tabakalerak bere gain hartu du proiektuaren antolaketa, eta zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko garapen-programetan zein Donostiako Zinemaldiarekin, Filmategiarekin eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin (EQZE) batera parte hartzen duen sare instituzional eta profesionalean integratu du.
Aurtengo edizioan, programak Clara Rus, Maddi Barber eta Nagore Ezeiza zinemagileak hautatu ditu eta hauei denbora, espazioa, testuingurua eta laguntasun profesionala eskainiko dizkie beren filmen lehen fasean bai eta zuzendaritzari buruzko dosier bat egiteko unean ere, parte-hartzaileek zinemagintzaren arloko beste laguntza batzuk eskuratu ahal izan ditzaten.
Nazioarteko tutoretzak
Prozesu osoan hiru tutorek parte hartuko dute, Mar Coll, Celia Rico eta Diana Toucedo, eta hautatutako hiru proiektuen jarraipena egingo dute Barber-en Claros del bosque, Ezeizaren If you wish to make an apple pie eta Rus-en Las tablas. Mentoringak bi alderdi izango ditu ardatz: batetik, film bat garatzeko prozesura sormenetik hurbiltzea, eta, bestetik, proiektu horiek zinemaren merkatuan eta industrian txertatzeko eta trebatzeko beharrezkoak diren moduluak.
Hautatutako hiru zuzendariak Noka Mentoringek eskainitako programan parte hartzeko eta proiektuak ahalik eta baldintza onenetan garatzeko, horietako bakoitzak 4.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du.
Proiektuak prest egon beharko dute Tabakalerak, Donostiako Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak antolatzen duten Ikusmira Berriak proiektu zinematografikoak garatzeko egoitza artistikoen deialdira aurkezteko. Noka Mentoring programa honen helburuetako bat da hiru proiektuak deialdi honetara baldintza onenetan aurkeztu ahal izateko prestatzea. Iaz Marina Palaciok parte hartu zuen, Noka Mentoring 2020k hautatutako zinemagileetako batek.