(argazkia: Behatokia)

Behatokiaren arabera, 2020ak agerian utzi du hizkuntza-eskubideei ematen zaien bigarren mailako balioa

2020an 1.229 intzidentzia jaso ditu erakundeak; 2019an baino %66,75 gehiago.

Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak eta Garbiñe Petriati teknikariak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2020 txostenaren aurkezpena egin dute gaur, Bilboko Euskararen etxean. gaubekak azaldu duenez, “tamalez, hizkuntza-eskubideen urraketek protagonismo berezia izan zuten 2020an ere”. Zuzendariaren arabera, “2019ko txostena itxialdi betean aurkeztu genuen, eta aurtengo balantzea egoera samurragoan aurkezteko aukera dugun arren, 2020an intentsitate bereziz pairatutako herritarren bizipen eta ezintasunetan oinarrituta dago”.

Aurtengoan badira urteko balantzea egiterakoan aintzat hartu dituzten bi alderdi: pandemia egoera izendatu zenetik kexen kopuruan eman zen igoera, zein eman diren urraketen izaera eta larritasuna. Behatokiko zuzendariak argitu duenez, “gure hizkuntzaren etorkizuna aztertzeko, behar beharrezkoa da hizkuntza-eskubideekin aurreko urtea bezalako une erabakiorretan zer gertatzen den ongi aztertzea”.

Datuen gorakada

Petriatik eskaini ditu erakundeak bildutako datu adierazgarriak: 2020an 1.229 intzidentzia jaso ditu Behatokiak Akuilari eta Euskararen Telefonoa euskarrietan, 2019an baino %66,75 gehiago. 1.148 kexak, 36 zoriontzek eta 43 kontsulta edo iradokizunek osatzen dute, hain zuzen, aurtengo balantzea.

Lehen ondorioa argia dela Behatokiak: “kexak nabarmenki igo dira, batez ere pandemiari hertsiki loturiko urraketen ingurukoak”. Petriatik, halaber, datuen eta errealitatearen arteko arrakalan jarri nahi izan du azpimarra: “Kontuan izan behar da kopuru hau errealitatearen lagin bat baino ez dela”. Izan ere, “jakin badakigu herritar askok egoera berezia zela pentsatuaz edo atzerapenak edo bestelako albo-kalteen beldur, zerbitzuak euskaraz eskatzeko erreparoa izan dutela”. Behatokiko teknikariaren hitzetan, gainera, sistema osoaren hutsuneen adierazle da hori, “hizkuntza- eskubideen kontzientzia izan arren, zerbitzua jaso nahi bada euskara erabiltzeari uko egin behar izatea sistema osoaren hutsuneen seinale argia da”.

Hala, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza izan dira kexa gehien jaso dituzten erakundeak, eta sektore pribatuan, merkataritzako kate komertzial handiak izan dira gehienbat urraketen arduradunak. “Herritarrak etxean gehien geratu diren urtea izan arren, informazio eta zerbitzuen beharrak eta sektore ekonomiko batzuen igoera nabarmenak eragin zuzena izan du, esaterako, elikagai merkataritza edo mezularitza enpresenak. Beste aldean, hainbat zerbitzuren etenaldi edo itxierek ere kexa kopuruaren jaitsieran eragina izan dute, besteak beste, ostalaritzarenak”, zehaztu du Petriatik.

Osasungintzako sektoretik harago, sektore guztietan herritarren osasuna zaintzerakoan erdara erabili da, herritarren hizkuntza-eskubideak alboratu edo bigarren mailan utziz. Behatokiko teknikariaren hitzetan, “2020an, sektore eta eremu guztietako kexek herritarren osasun eta segurtasuna izan dute hizpide”. Honen harira Gaubekak gogorarazi du “hizkuntza-eskubideak kontuan hartzea, herritarren segurtasuna, osasuna eta mezu edo informazio ezberdinak hobe barneratzeko ariketa ere badela”. Urte honetan eman diren aldaketak, eta urgentziaren eta azkartasunaren beharrak “aitzakia ezin hobea bihurtu baitira herri honetako jendartearen hizkuntza-eskubideei gure egunerokotasunean ematen zaion balioa agerian uzteko”.

Zabaldu: