(argazkia: Armiarma)

Agus Perez, Jon Gerediaga eta Gaizka Sarasolaren antzezlanak Ganbila bilduman

Ganbila proiektuak euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu.

Susa argitaletxeak eta EHAZE Antzerkizale elkarteak Ganbila antzerki bildumako hiru liburu berri aurkeztu dituzte gaur, donostian: Jon Gerediagaren Dama, Gaizka Sarasolaren (Mairu Antzerki Tailerra) Zerrakuretan eta Agus Perezen Aititaren betaurrekoak.

Oier Guillan idazle eta antzerkigileak koordinatzen du Ganbila proiektua eta euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu, unean uneko fokua obra edota hainbat obra eta ahotsetan jarriz. “Antzerkiak agertu ohi duen errealitatea, baina, deformatua da”.

Hala, Jon Gerediagaren Dama obra jaso dute aurreneko liburuan. Honelaxe dio sinopsiak: “Damaren hitzak enigmatikoak dira. Poema asko begiak itxita errezitatzen ditu eta pitonisa igarle baten mezu ezkutuak direla dirudite; beste errealitate edo beste dimentsio batetik etorritako hitzak. Horrela al da? Edo ameslari bakarti baten jolasaren aurrean gaude? Hitzen, doinuen, esanahien erabilera ludiko-poetikoa ote da berea? Mozkorraldi existentziala? Bizitza eta poesia maite ditu Damak. Eta, berea, edozein herritako edozein tabernatan idazten dagoen poetaren istorioa izan daiteke. Taberna bazter batean, anisa edaten, idazten. Zoritxarrez, susmopean jar dezake horrek: zertan ari da? Ez al du beste lanik egiten?  Damaren hitzetatik askotariko ahotsak irudika ditzakegu: naturaren kantu ahistorikoa, orakuluaren mezu ezkutua, ameslari bakartia, artista anonimoa. Batera zein bestera izan, hitz ederrak dira bereak, iradokitzaileak, hunkigarriak”.

Gaizka Sarasolaren Zerrakuretan da bigarren liburua. Pier Paolo Pasolinik errana: “Antzerki erraza objektiboki burgesa da, antzerki zaila elite burges jakitunentzat da; demokratikoa den antzerki bakarra oso zaila da, antzerki herrikoia asmatzeko saiakera guztiek argiki erakusten duten bezala”. Ganbila bildumako kideek diotenez, “Sarasolak ez du antzerki erraza idazten, herrikoia da bere funtsa. Bere antzezlanak taularatzeko, gorputzez, ahotsez eta irudimenez inplikatzea ezinbestekoa da”. Lesakako Mairu Antzerki Tailerra bide horretan dabil azken hogei urte hauetan. Egin dituzten proposamenak ausartak eta berritzaileak dira. Antzerki herrikoia sortu nahi duenak lanak izaten ditu: “Mairu Antzerki Tailerrak zuhaitzak bota, egurra apaindu, batu eta txondorra egiten du, bere barneko sua ilunpetik hona ekarri eta eskaintzeko”.

Amaitzeko Agus Perezen Aititaren betaurrekoak dugu. “Zerk eramaten du pertsona bat asteburuero autoa hartu, kilometro mordoxka egin, batean Bilbotik Gasteizera, hurrengoan Donostiara, segidan Luhusora… joan, antzezlan bat ikusi, etxera itzuli, eta goizaldeko ordu txikietan egunkarirako kritika idaztera?”. Irakurleak bi atal topatuko ditu liburu honetan: lehenengoan, Perezek kritikari jardunaren erraiak agerian utziko ditu, ohi duen estilo pertsonal eta zorrotzarekin. Bigarrenean, bere ibilbidean idatzitako 2.000tik gorako iruzkinetatik 30 aukeratu ditu, eta irakurketa berri bat gehitu die gaurko begietatik. Euskal teatroak ezinbestekoa duen ondarea da Perezek hogeita hamar urtez osatu duena, eta liburu hau horren isla da.

Zabaldu: