Oihaneder Euskararen etxean egingo dute topaketa maiatzaren 15ean, 10:30etik aurrera.
Baratza aretoa, EHAZE elkartea eta Atx Teatroa egun osoko topaketa irekia antolatzen ari dira maiatzaren 15ean, Zurrunbilo euskarazko arte eszeniko garaikideen jaialdiaren barruan.
Sare sozialen bidez zabaldu dutenez, “bidenteak, belaunaldi berriak, etorkizuna eta beste distopia eszeniko batzuk izango ditugu mintzagai”. Izan ere, aurtengo gaia Etorkizuna belaunaldi berrien begiradatik izango da. “Aurreko urteko ildoari jarraituz, eta EHAZErekin Bidenteak gara liburuaren harira egindako kolaborazioa sendotzeko asmoz, aurten etorkizunari begira jarriko gara, horretarako orainaldian begia jarriz. Topaketan, alde batetik, belaunaldi berriei ahotsa eman nahi diegu. Haien ekarpenak denon gogoetarako adierazgarriak izan daitezkeelakoan, hausnarketa lan bat gidatzera gonbidatuko ditugu, goizean egingo den formatu ez ohiko mahainguru baten bitartez. Begirada etorkizunera bideratzen badugu, ekidinezina da digitalizazioak gizartean eta arte eszenikoetan duen eragin handia aztertzea. Horregatik, arratsaldean gai honen inguruko mahainguru bat prestatuko dugu, tresna berrien bide berriak aztertzeko xedez. Topaketaren betiko helburua elkar ikustearena, hausnartzearena eta ezagutzak, kezkak eta ideiak partekatzearena izan da. Zentzu horretan, aurtengo edizioan sarea sendotzen jarraitzeko asmoa dugu”, azaldu dute Baratza aretoko kideek.
Topaketa goizeko 10:30ean hasiko da Edurne Azkaratek, Intza Alkainek eta Maite Aizpuruak gidatutako Ezohiko mahaingurua-rekin. Arratsaldean 16:00etan, berriz, Atx Teatroaren txanda izango da. Antzerki konpainiak Arte Eszenikoak eta digitalizazioa gaiari buruzko saioa gidatuko du.
Sarrera doakoa izango da, baina edukiera mugatuta egongo denez, aurretik izena eman beharko da gonbidapena jasotzeko, info@ehaze.eus helbidearen bidez edo hemen.